Tasubinsa irabazi-asmorik gabeko erakundea da. Bere egitekoa da desgaitasun intelektuala edo garapenekoa duten pertsonei gizarteratzeko laguntzak eta aukerak ematea. Lakuntzan okupazio tailer bat du elkarteak 1987tik.
Gema Urdanitz Etaio.
Zer da zuretako Tasubinsa?
Niretako eta jende askorendako da gaixotasun psikikoa duten pertsonak joan daitezkeen leku bat da. Han lan eta gauza asko egin ditzakete. Bide bat da.
Zer onura ditu?
Pertsonendako bai: haien artean elkarri eragiten diote, lan egiten dute... Batzuek esaten dute ez dutela lanik egiten, baina nire senideek familiari esaten diote lan egiten dutela. Baina senideek gastuak ere baditugu: garraio eta jangela gastua.
Lakuntzan zer eskaintzen dute?
Bi parte daude. Alde batetik, Enplegu Zentro Berezia. Joaten diren pertsonek lan egiten dute eta nomina bat dute. Halako pertsonei bideratutako lanak egiten dituzte. Bestetik, okupazio zentroa du. Lakuntzako tailerra ez da, esaterako, Orkoiengoa bezalakoa. Sakanakoek ez dituzte Iruñerrian bezainbeste aktibitate egiten. Lakuntzan tailer gutxi daude. Hemen, nireak kontatzen duenez, lan egitea da. Teknikariak ere badaude, psikologoak eta abar.
Zenbat pertsona daude Lakuntzan?
Uste dut 36 direla. Gehien-gehienek desgaitasunen bat dute.
Zer balorazio egiten duzue senideek?
Hor dauden pertsonak gustura daude. Sakanan ez dugu halako pertsonak egoteko beste lekurik. Entzun dudanez Altsasun beste bat dago. Baina ez dago gehiago. Hiriburuan beste kontu bat da. Orkoienen lehengusu bat dut eta Lakuntza eta Orkoien arteko aldeak ikusten ditut. Baina Sakanan baliabide oso gutxi daude.
Ordaindu beharra duzue?
Garraioa ez dago %100 subentzionatuta. Zati bat Tasubinsak ordaintzen du eta bestea gurasoek. Eta Sakanan, derrigorrez, jangelan bazkaltzera gelditu behar dira. Esaten dute ez dela posible goizean joatea, bazkaltzera bueltatzea eta berriro Lakuntzara joan-etorria egitea. Bai edo bai denek jangelan egon behar dute.
Orain aldaketa dator?
Bai. Tasubinsak jakinarazi du 2026tik aurrera familia bakoitzari garraioa 205 euro kostatuko zaiola hileko.
Zergatik aldaketa hori?
Tasubinsa enpresa da, baina kontzertatuta dago. Orain esaten du ezin duela bere egin garraio gastua.
Zein ondorio lituzke familiendako?
Bakoitzak gure kasuistika daukagu. Pentsatu beharra dago Lakuntzan dauden pertsonek desgaitasun bat dutela. Garraio zerbitzua behar dute, bai edo bai. Ezin dute gidabaimena atera. Haiendako garraio zerbitzua behar dute. Lineako autobusean ezin dira joan. Ezin da, zeren pertsona batzuk beharbada beraiena ez den beste herri batean jaitsi daitezkeelako. Ez lirateke beraien etxera helduko. Zailtasunak dituzte. Agian ez denek. Denak ez dira berdinak, zailtasun desberdinak dituzte, batzuk hobeki ibiltzen dira, besteak okerrago. Baina denek dute zerbait.
Familia guztiek ordaindu dezakete?
Uste dut ezetz. Gainera, haiek lan egiteagatik kobratzen duten diru kopurua oso-oso txikia da. Horrekin ez da posible ordaintzea.
Familiek garraioa ordaindu ezin badute, zer gerta daiteke?
Familia batzuendako apika alternatiba izanen da beraien senidea etxean gelditzea. Bestela borroka egitea. Senideak elkartzen hasi gara eta hau zuzentzeko bideak aztertzen ari gara.
Garraio gastu hori familien bizkar ez gelditzeko, zer duzue buruan?
Senideok pentsatzen dugu pertsona horiek pertsona bereziak direla, zailtasunak dauzkate. Eta neurri bereziak behar dituzte. Haiena, esaterako, ikastetxeetako garraioa bezalakoa da. Ikasleek eskola garraioa dute herritik beraien ikastetxera joateko. guk gauza bera behar dugu. Pentsatu behar dugu pertsona horiek berezitasunak bizi guztirako dituztela, berdin du adina. Nafarroako Gobernuak eskola garraiorako dirulaguntzak ematen baditu, senideek pentsatzen dugu gureek tratamendu bera izan beharko luketela. Lakuntzarako garraioa %100 diruz lagunduta behar dugu.
Dirulaguntza Nafarroako Gobernuari eskatuko diozue?
Bai. Lege kontuak ez ditut ulertzen, baina pentsatzen dut horrek horrela izan behar duela.
Aurrekontu garaia da.
Bai. Nafarroako Parlamentuan agerraldia eskatu dugu. Senideen bilera egin genuen azaroaren 2an. Nafarroan Tasubinsako zentro asko daudenez, zentroetako senideen ordezkarien bilera izan genuen atzo, azaroak 4. Parlamentura joateko gauzak prestatzen ari gara. Gainera, sinadurak biltzen hasi gara. Dagoeneko mila sinadura pasa jaso ditugu, baina 5.000 behar ditugu. Sinadura paperak Sakanako herrietan utziko ditut, jendeak sina ditzan.
Arartekora joanen zarete?
Berarekin hitz egin dugu. Parlamentuan ateratzen denaren arabera. Bestela joanen gara. Ate guztiak joko ditugu.