Astekaria

"Parrokiaren jarduera guztiaren erregistroa da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 11

Nicolas Arbizu Gabirondo liburua eskutan eta artxiboa atzean duela.

Indiano, kortsario, armada eta abarrekin topo egin du parrokiako artxiboa arakatzean. Iturmendiko kultur informazio iturri garrantzitsutzat du artxibo hori Nicolas Arbizu Gabirondo Historia ikerlariak. Bere lanen iturri nagusiaren berri herritarrei eman nahi die orain. 

Iturmendiko parrokiako artxiboaren inguruko hitzaldia emanen dute Nicolas Arbizu Gabirondok, Javier Aldabe Arbeak eta Miguel Angel Sagaseta Ariztegik. Herriko Santa Marina jubilatu elkartean izanen da Azaroak 12, 19:30ean.

Noiz izan zenuen parrokiako artxiboarekin lehen harremana? 
Betidanik Historia gustatu zait. Eta, duela 40 urte baino gehiago, elizan dagoen Aritzaga ermitako bataiarria noizkoa ote zen galdetu nion nire buruari. Parrokiako artxiboan izan nintzen, eta elizbarrutikoan. Hori izan zen hasiera. Cristobal Baztarrika bakaikuarra zen orduan apaiza. Dena gordetzen zuen. Garai hartan parrokian Angel Garcia Sanz Marcotegui zegoen Demografia y sociedad del antiguo regimen tesia egiten ari zen. Populazioa ulertzeko sakramentu liburuak begira ibili zen.

Bataiarria, erromanikoa. 
Bai. Artxiboan opatu dut lekualdaketa 1864an egin zela. Elizakoa hautsita zegoenez, ermitara eraman zuten eta hangoa elizara ekarri. Bataiatzeei buruzko liburuetan Aritzagan bataiatutako arbazuar, arbizuar eta etxarriar berri ematen dute. Hango bataiarriak bazuen zerbait.   

Noizkoa da parrokiako artxiboa?  
Iturmendiko parrokiaren jarduera guztiaren erregistroa da. Trentoko Kontzilioaren (1545-1563) ondoren behartu zen bataiatu, ezkondu eta hiltzen zen jendearen izen-abizenak jasotzera. Iturmendin horretan 1597an hasi ziren. Hasierako datu gutxi daude. Bestela, artxiboko agiri zaharrena 1532. urtekoa da. Artxibo xumea da. 

Zer eduki ditu?
Fabrikazio, kontu, primiziako, kapilautza, kofradia, sakramentukoak (bataioko zazpi liburu, sendotzako lau, ezkontzako bost, heriotza bost eta matrikula [helduen urtean behin konfesatu eta komulgatu behar zuten]) liburuak daude parrokiako artxiboan. Beno, sakramentu liburuak elizbarrutiko artxibora eraman eta han mikrofilmatu zituzten, apika, duela 30 urte. Orain digitalizatu egin dituzte. Haiek kontsultatzeko hitzordua eskatu eta ikusten uzten dizute.

Bestalde, herriko zenbait etxetan liburu zaharrak zeudela banekien. Normalean, etxe horietakoren bat apaiza izan zelako zeuden liburu haiek han. Etxeetara joan eta proposatu nien liburuak parrokiara eraman eta han egoki artxibatuta egon zitezkeela. Bizpahiru jaso nituen. Baina beste bitara joan nintzenerako salduta zituzten. Galdu ziren ere sermoiak zituzten liburuak. Asko euskaraz ziren, apaizek, derrigorrez, euskara jakin behar baitzuten. Normalean, herrikoa edo aldameneko herriko apaiza zen. Hala ere, gutunazal baten barruan Santa Marina eta Trinitate festarako hamahiru sermoi opatu nituen, gehienak euskaraz. Sagasetak transkribatu ditu. 

Gainera, XVII. mendetik aurrerako 50 bat liburu ere badaude. Normalean, ikasketa liburuak dira. Solte dauden orrietan gutun gutxi batzuk daude. Bestetik, fabrika eta primizia liburuak bisita liburuak ere baziren. Hainbat urtean behin elizbarrutiko arduradunak herria bisitatzen zuten eta zer lan egin behar ziren agintzen zuten. Liburuetan jasota dago. 

Artxiboa ordenatuta dago?
Geneanologia zuhaitza egin nahi zutenendako liburu horietan ibiltzea zaila izan zitekeenez, errazteko, aurkibide bat egin nuen 1991n. Gutxi gorabehera 25 urteka atzera eginda osa daiteke zuhaitza. 2024an digitalizatu nuen eta USB memoria batean sartu. Parrokia etxean dago. Baimena eskatzen duen edozeinek erabil dezake. 

Erabilgarri izan zaizu? 
Egin ditudan Historia lan guztietarako informazio iturria izan da parrokiako artxiboa. Aurrena herriko toponimiari buruzko lana egin nuen. Ondoren elizaren Historia, ermitena, etxeena, epigrafia lana, mandazainak eta Santa Marina ermitari buruzko lanak egin ditu. Parrokiako artxiboaren garrantziaren berri emanen du, handik edan baitute bere lanek. Herrikoak beste artxibo batzuetara jotzeko bidea zabaltzen du. 

Herriko jende guztia ezagutzeko aukera eman dit, aberastasuna da hori. Nire ikerketetarako oso baliagarria izan zait. Sakramentuko liburuen bidez herriko familia guztiak ezagutu ditut, uneren batean familien izenak idatzi zituztelako. Etorkizunean populazioari buruzko ikerketa egin nahi nuke. 

Zer informazio ematen du artxiboak?
Populazioarena, genealogiak egiteko aukera, toponimia eta herriko Historiaren aspektu asko ezagutzeko bidea ematen dute liburu horiek. Matrikula liburuetan txokolatero, jostun, notario edo errege eskribau etxeak agertzen dira. Batzuetan zehazten da lekukoa, esaterako, jostuna edo irakaslea dela.Ulertu beharra dago orain dela gutxira arte eliza eta herria gauza bera zirela. Gainera, bi abizen berreskuratu ditut. Apaizen batek, erosotasunagatik-edo, ez zituen osorik idazten: Lopez de Goikoetxea, Fernandez de Garaialde y Lazkano. Hainbat Historia gertakariren berri opa ditzakezu liburuetan. Esaterako, Frantziako armadak nola egin zuen Gasteiztik atzera Ingalaterrako armada atzetik zuela. Etxeetan sartu eta oilo guztiak eraman zituzten. 1822ko lastailean 105 soldadu fusilatu zituztela jasotzen duen agiria ere opatu nuen. Historia ulertzen laguntzen dizute.   

Primizia nekazaritza eta abeltzaintzako aurreneko fruituak ziren, eta kristau komunitateak, batez ere, obretarako emandako dirua da. Herriaren aberastasunaren arabera lanak egiten ziren, edo ez. Eliza egiteko 200 urte eman zituzten. Jendearen bizimodua ulertzen lagundu zidan horrek. 

Garai batean apaiz asko zuten. Kapilautzaren bidez, hildakoek herentzian dirua uzten zuen familiako apaiza batek diru hark sortzen zuen errentatik bizitzeko, eta mezak eman zitzaten. Azkenean, kapilautzak parrokiaren esku gelditu ziren eta parrokiak diru asko zuenez, maileguak ematen zien herriei edo herritarrei. Ondasunak uztean toponimoak daude. 

Heriotzen kausa jakin daiteke?
Hasieran ez zuten idazten. Garai batzuetan besterik ez dago halako informazioa. Istripua izan bada, erailketa... Halakoak bai. XIX. mendean hasiko ziren zehazten pertsonak nola hil ziren. Baina epidemien berri jaso daiteke. 1834ko agiri bat opatu nuen lastailean 34 pertsona hil zirela, ohikoa urtean bizpahiru hiltzea zen.  

Zein gonbidatuko zenuke?
Ikasle gazteak. Gure kultura Nafarroan ditugun artxiboetan dago. Eta oraindik ikertzeko izugarri falta da. Dokumentuetan oinarritutako istorio asko daude kontatzeko. Baina artxiboetan ez dagoen Historia berreskuratzeko adinekoekin hitz egitea garrantzitsua da. Adinekoekin hitz egin izan dut. Haiek hiltzean materia gabeko ondarea galtzen da.