Iturmendiko Udalak webgunea berritu du

Guaixe 2025eko azaroaren 17a

Iturmendi.eus webgunea.

Udalak azaldu duenez, "herritarrekiko komunikazioa hobetzeko eta elektronikoki egin nahi diren kontsultak eta izapideak errazteko helburuz" berritu du bere Interneteko ataria. Iturmendiarrendako erabilgarria izatea espero du.

Iturmendiko Udalak azaroaren 7az geroztik webgune berritua du. Webgunean sei atal nabarmentzen dira. Batetik, eskaerak botoia daude. Haren bidez udalean ohikoak diren tramiteak egiteko aukera izanen da. Bestetik, udal ordainketak egiteko atala dago. Dozena bat ordenantzaren eta haietako aldaketa baten berri ematen duen espazioa ere badu web orriak. Iradokizun postontzia, egoitza elektronikoa eta azken albisteak dira beste hiru atal nabarmenenak. Bestalde, intereseko hainbat lotura ere badaude webgunean, esaterako, eskola, Sakanako Mankomunitatea, Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur edo Udalbiltza.

Kai Galartza Cervera alkateak azaldu duenez, "aurreko webgunea zaharkitua zegoela ikusi genuen, eguneraketa on bat behar zuela, bai itxura aldetik, bai eduki eta zerbitzuak eskaintzeko moduaren aldetik ere".  

Alkateak azaldu duenez, "web orri berriarekin iturmendiarrek errazago eta arinago egin ahalko dituzte beraien eskariak eta tramiteak, udala eta beraien arteko komunikazioa erraztuz". Izan ere, udalean "kontziente gara, herritar askok, lan ordutegiak direla eta, ez dutela udaletxera bulego ordutegian joateko aukerarik. Hori dela eta, telematikoki tramiteak egiteko aukera arindu nahi genuen. Azken finean, Iturmendiko Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko helburuarekin eginiko tresna bat izan nahi genuen".  

Egileak
Udalak Animsa enpresa publikoaren bidez berritu du bere Interneteko ataria. Enpresa hori Nafarroako tokiko erakundeen jabetzakoa da, eta bere egitekoa da udalei informazioaren eta komunikazioaren teknologietan zerbitzua ematea. Galartzak azaldu duenez, "bi zinegotzi arduratu dira eduki eta itxura kontuetaz. Buelta asko eman ondoren, azkenean, lortu dute nahi bezala antolatzea". Berritzearekin batera, "itxura erakargarriagoa" ematen saiatu dira.

Udala Animsako kide denez, enpresa publiko horri urteko kuota ordaintzen dio. "Web guneaz aparte udalaren informatika sistemaren mantentzeaz ere arduratzen da Animsa. Bere zerbitzu eskaintzan udalerri txikietarako duten web-produktua erabili dugu, herri txikietan izaten ditugun edukiak oso mugatuak baitira. Gastu aldetik ere kostu gutxieneko webgunea zen gure herriarentzat aproposena", azaldu du alkateak.

Iturmendiko Udalak 2018ko irailaren 21etik du webgunea. Animsak egin zuen orduan ere udalaren Interneteko ataria. Webgunea mustu zuenez, Iturmendiko Udalaren asmoa zen "herritarrei zerbitzu publikoak gerturatu eta albisteak zabaltzeko modua emateaz aparte, bisitariek herriaren berri jasotzeko modua ematea".