Iturmendik jolas parke berria du

Guaixe 2026ko urtarrilaren 9a

Iturmendi jolas parke berrian haurrak eta gurasoak.

Aurrekoa hondatzen hasia zegoen. Herrian haur asko daude eta erabilera handia du. Kendutako jolas parkea zaharberritzera eraman dute, eta horren ondoren eskolan jarriko du udalak.

Abenduaren 3ko arratsaldeaz geroztik Iturmendiko haurrek jolas parke berriaz gozatzeko aukera dute. Edozein haurrek erabiltzeko zabu handia, dorre batean kokatutako txirrista eta oreka mantentzekoak eta gora eta behera ibiltzeko sokak daude jolas parke berrian. Egitura guztiak egurrezkoak dira. Lurkoi enpresak jarri du 27.000 euro ingururen truke. Enpresa berak kendutako jolas parkea zaharberritu, ondoren eskolan jartzeko. 

Aurreko jolas parkea 1992koa zen. Udaletxearen ondoan jarri zuten, baina plaza inguruan lanengatik egungo kokapenera lekualdatu zuten eta, bide batez, kautxuzko zorua jarri zioten. Kai Galartza Cervera alkateak azaldu duenez, "txirristan arraildura txiki bat egin zen uda akaberan. Plastikoa soldatu genuen. Baina jolas parkea aldatzeko unea zen, herrian haur asko ditugu, haiek aprobetxatzeko".

Alkateak argitu duenez, aldaketa egin aurretik jolas parkearen azpiko zoruaren egoera zein zen aztertu behar izan zuten. "Zorionez, zorua jolas parke berria hartzeko behar bezala zegoen. Gainera, parke zaharrari irtenbide bat ematea ere aproposa iruditu zitzaigun, hondakinak ez sortzeko eta berrerabiltzeko. Horrela haurrek berrerabiltzearen edo birziklatzearen garrantzia ikas dezaten". Egun zaharberritzen ari dira.