Uda batean, Iturmendiko hiru lagun Santa Marinara, mendira, lo egitera joan ziren eta "barre artean" musika talde bat egitearen ideia sortu zitzaien. Ideiari bueltak eman, eta "denbora pasatu ondoren, serioago hartu genuen". Beñat, Jon eta Asier ziren hiru lagunak, gitarra jolea, abeslaria eta baxu jolea, hurrenez hurren, baina taldea sortzeko bateria jolea falta zitzaien: "Abeslariaren kuadrillako bati esan genion, baina distantzia eta denboragatik ezinezkoa izan zen". Orduan, musikariek kontatu dutenez, Against You taldearen kontzertu batean Unairekin elkartu ziren, "Urdiaingoa da eta txikitatik ezagutzen genuen elkar". Taldean parte hartzera proposatu zioten; bateria jotzen zekien eta, gainera, talde bat izatea gogoko zuen, "horregatik ere baietz esan zuen". Pixkanaka-pixkanaka Kaos Rural taldea aurrera zihoan.
Taldea
Lehenengo kontzertua maiatzaren 9an eman zuten; "hoberena"
Duela urtebete hasi ziren entseatzen, eta taldekideek musikaren munduan hasiberriak dira, "aurretik ez genekien ezta jotzen ere; Unai zen jotzen zekien bakarra". "Poliki-poliki" instrumentuak jotzen ikasten joan dira, "eta oraindik ikasten jarraitzen dugu". Lehenengo kontzertua etxean eman zuten, 2025eko maiatzaren 9an, Iturmendiko gaztetxean, San Migel festetan. Ordutik Kaos Rural taldearen izena ohikoa izan da Sakanako zenbait herritako ospakizunetan, eta hainbat kontzertu eman dituzte. Azkena ilbeltzaren 23an eman zuten, Olaztiko Maisuenea gaztetxean, The Karkamals taldearekin batera.
Kaos Rural taldeak Streetpunk eta Punk Oi estiloak jotzen du, eta momentuz bertsioak egiten dituzten arren, disko bat grabatzea aurreikusi dute: "Oraindik ez dugu abestirik, baina disko batean lanean gabiltza". Grabazio estudiora udan "sartuko" direla aurreratu dute, "ia seguru udazkenerako eskuragarri egongo da".
"Familia bihurtutako taldea da; gure rural krew, gurekin datorren jendea"
Taldea zertan nabarmentzen den galdetuta, "familia bihurtutako taldea" dela goraipatu dute gazteek, baita kideen arteko "laguntasuna" ere. Bestetik, "gure Rural Krew" ere aipatu dute, "kontzertuz kontzertu datorren jende talde leiala, eszenatoki gainean egotea erokeria hutsa izan dadin". Kontzertuetan "ahalik eta hobekien" egiten dutela aitortu dute, "baina ezin da ezinezkoa egin. Gehien betetzen gaituena gure ondoko jendea gurekin izatea da, ezin da gehiago eskatu. Eta momentuz lortzen ari gara". Zuzenekoetan lortzen duten giroarekin eta joaten den jendearekin "geroz eta gehiago harritzen" direla esan dute. Hala ere, gogoan dute lehenengo kontzertua oso berezia izan zela: "Oraindik gogoratzen gara gure lehenengo kontzertuaz, Iturmendin, gure jendeaz inguratuta; guretzako izan dugun kontzerturik hoberena".
Etorkizunerako? "Guk orainaldia bizi dugu, ez dugu etorkizunean pentsatzen". Etorkizunean pentsatzen ez badute ere, ez dutela beren burua musikaren barruan ikusten esan dute. "Azken finean, bizitza garaiez beteta dago, eta taldeena beste garai bat da".