Astekaria

"Irakurritakoa trukatzeko toki bat zen"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko otsailaren 4a

Iturmendiko liburuzain taldeko kideak: Pepa, Charo, Maite eta Rebeka.

Charo Galarza, Pepa Lopez, Maite Iragi eta Rebeka Mendoza iturmendiarrek, Alicia Garcia, Zoraida Goñi, Maru Garcia, Rita eta Juana Galarza eta Irantzu Garciarekin batera, auzolanean egindako liburutegia martxan jarri dute.

Liburutegia Iturmendiko udaletxearen ganbaran dago. 

1. Nola sortu zen liburutegia egiteko ideia? 
Emakumezko kuadrilla bat geunden, ostiral batean, garagardo bat hartzen eta zer irakurtzen ari ginen komentatzen hasi ginen. Iturmendin irakurzaletasun handia dagoela ikusi eta komentatu genuen, eta zergatik ez liburutegi bat edo horrelako zerbait egitea pentsatu genuen. Liburutegi hitza atera zen. Duela hiru urte izan zen. 

2. Nola hasi zineten? Nolakoak izan ziren hasierak? 
Ideia sortu zen eta hasieran lokal bat bilatu behar genuela pentsatu genuen, irakurtzen genituen liburuak elkarbanatzeko. Orduan, udalari toki bat eskatu genion eta espazioa utzi zigun (udaletxeko ganbaran). Herriari donazioak eskatu genizkion eta liburutegian dauden liburu gehienak herritarrek emandakoak dira. Altsasutik ere liburuak iritsi zaizkigu, Berako gizon batek emandakoak... Saiatzen gara liburuak irakurrienak edo erakargarrienak izatea. 

3. Nola finantzatzen da? 
Aurretik egondako alminteak kontatu zigun 1999. urtean Costantino Gabirondok hamazazpi koadro utzi zizkiola herriari, koadro horiek saltzeko, eta diru horrekin liburutegia egiteko. Bestetik, liburuak erosi ahal izateko, nobedadeak eta abar, egutegiak egin eta saldu genituen eta liburuaren egunean haurrendako eta helduendako ipuin kontalariak antolatu genituen. Txokolate jana eta saski baten zozketa ere egin genuen. Dirua gordetzen ari gara eta horrekin interesen araberako liburuak erosten ari gara. Ilbeltzaren 23an pizzak ere antolatu zituzten. Arrakastatsua izan zen. Herrian pizzero talde bat dago, eta egun batean egitea proposatu ziguten. Diru hori oso garrantzitsua da liburutegiarendako. 

4. Nola antolatzen zarete? 
Gure artean txandak egiten ditugu. Ostegunetan 18:30etik 19:30era irekitzen dugu, eta astero bat dago. Bakoitzak ahal duena eta ahal duenean egiten du. Herriko jendea garenez moldatzen gara. 

5. Eta liburuak nola antolatzen dituzue? 
Liburuak lehenengo egunetik apuntatzen joan gara; nork ekarri duen eta abar. Eskuz egiten dugu eta bere xarma badauka. Inbertsioa egiten badugu agian beste modu batera egiten hasiko gara. Liburu berriak erosten joan gara eta haurrak etortzen dira. Gustatuko litzaiguke helduak ere etortzea; badago jendea herrian tokia ezaguntzen ez duena. Merezi du. Baina oso pozik gaude haurrak ostegunero etortzen direlako, ohitura bihurtu da. Horrek indarra ematen digu. 

6. Nork har ditzake liburuak? 
Jendea etortzen da, izena apuntatzen dugu. Ez dago txartelik ez ezer ez. Are gehiago, beste herrietako jendea ere etor daiteke. Ez dugu Iturmendikoa izatea eskatzen. Hiru hilabeterako eraman ditzakete. Jendea oso txintxoa da. 

7. Zenbat liburu daude? 
Excel batean biltzen ari gara, eta 1500 liburu baino gehiago egon daitezke. Excelean 1024 liburu daude, baina gehiago erosi ditugu eta sartu gabe daude. 

8. Denak irakurri dituzue? 
Bakoitzak bere gustuen arabera. Batzuetan liburu batengatik galdetzen digute eta ezin diogu iritzia eman agian ez delako gure gustukoa... Hala ere, denborarekin ikasten ari gara ere. Adibidez, Rebekari jubenila eta nobela beltza gustatzen zaio; Charori generoa baino egile jakinak gustatzen zaizkio; Maiteri fantastikoa eta historikoa eta Pepari historikoa. 

9. Irakurle taldea egitea pentsatu duzue? 
Hasierako ideien artean dago horrelako klub bat egitea, baina denbora behar da. Gutako batzuk momentu honetan ez dugu denborarik, baina komentatu da. 

10.  Ekimenak eta jarduerak antolatzen dituzue. 
Esaterako, apirilaren 24an Joseba Sarrionandia egongo da, eta liburuaren egunerako zerbait antolatuko dugu; pizzen diruarekin zer egiteko elkartu behar garenez, hitz egingo dugu. 

11. Norbaitek liburuak ekarri nahi baditu? 
Badago jendea udaletxean uzten dituena ere. Nobelak nahiago ditugu, etxeko entziklopedia zaharrak hemen ere ez ditugu nahi. Izan daiteke norbaitek nobela bat irakurri, baina gero etxean gordetu nahi ez izatea ez delako oso berezia; hona ekartzeko. Maileguak ere egin daitezke, denbora tarte baterako utzi eta gero berreskuratu.