Jendaurrean da Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana jendaurrean jarri du. AHTren egitasmoaren ibilbideren, izango lituzkeen eraginen eta tren publiko eta sozialaren alternatibaren berri emateko batzarra izan zen asteartean, otsailaren 10ean. Udaletxeko ganboikoan Kai Galartza Cervera alkatea eta Sakana Trenaren Alde plataformako kide batek eman zituzten azalpenak.
Jakinarazi zutenez, Ministerioaren azterlanak bi trazadura aukera aurreikusten ditu Sakana erdialdean, baina biek bat eginen lukete Iturmendin. AHTko bi trenbide eta egungoa hartuko lukeen plataforma bat eraikiko litzateke, 20 metro inguruko zabalera lukeena. Egitasmoak alternatiba bat baduela eta hori gaur egungo trenbidea bikoiztean eta modernizatzean datzala azaldu zuten.
Ministerioak aurkeztutako proiektua bertan behera uzteko alegazioak aurkezteko epea zabalik dela azaldu zieten batzarrera joandako iturmendiarrei. Idatziak sinatzeko epea martxoaren 6ra arte izanen da zabalik. Aurreneko alegazioak han bertan jaso zituzten. Bide batez, aukera baliatu zuten gonbidapena egiteko: publizitate spot baten grabazioan parte hartzea. Martxoaren 14an deitu den manifestazioa iragartzeko grabazioa eginen dute otsailaren 15ean, igandean. 11:30ean Izurdiagako tren geltokian eta 16:30ean Uharte Arakilgoan.