Herrian joan zen urteko maiatzaren 4an izandako uholdeen ondorioz sortutako larrialdi egoera ikusita, Iturmendiko Udalak uholdeei aurre egiteko obrak emateko premiazko kontratazioa sustatu zuen. Lanak egiteko eskaintza hiru enpresak aurkeztu zuten eta, haiek baloratu ondoren, udalak Lakita SA enpresari eman dio 137.597,67 euroan (BEZ barne). Lanak aurki hasiko dira eta, bai edo bai, garilaren 1erako despedituta egon beharko dute.
Aurreikusitakoaren arabera, plazako lurrean, parkea baino lehen, euri ura jasotzeko metalezko parrilla bat jarriko da. Estafeta kalean dauden parrillak kendu eta askoz ere handiagoak jarriko dira, eta luzeagoak izanen dira. Gainera, Estafeta kaleko 25. zenbakidun etxetik Barrenkale karrikaraino dauden etxeen parean hormatxo bat eraikiko da, haietan ura etxeetara sar ez dadin.
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiaren ebazpena batek larrialdikotzat jo zuen udalaren ekimena eta lanak Toki Inbertsioen Planean behin-behinean sartu zituen. Obra egiteko Iturmendiko Udalak gobernutik, momentuz, ez du inolako dirulaguntzarik jaso. Kai Galartza Cervera alkateak azaldu duenez, "ez digute zehaztu zenbatekoa izanen den dirulaguntza". Galartzak gaineratu duenez, "egin behar ditugun lanetako batzuetarako finantzazioa izanen dugu, baina Estafeta kalean egin behar ditugun lan gehienetarako ez". Udalak laguntzarik jasoko ez duen lanetako bat da Estafeta kaleko etxeen parean hormatxoa jasotzearena, argitu du alkateak. Gainera, Estafeta kalea NA-8504 errepidea denez, Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren baimena lortu behar izan zuen lanak egiteko. Galartzak azaldu duenez, "udalak aurreikusia zuen lan bat zen, dirulaguntzarekin edo gabe aurrera eginen behar genuen".