Hilerrian hobiak jartzeko lanak egiten ari dira

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 2a

Prefabrikatutako kutxak hilerriaren kanpoko aldean pilatuta.

Aurretik egindako lanei segida eman die udalak eta kanpo santuan lurrean lur emateko hobi prefabrikatuak jarri dituzte. Bi urte barru beste inbertsio bat eginen du udalak hilerrian.

Iturmendin herritarrak hiltzen direnean, kanposantuan lurrean lur emateko ohitura oso errotuta dago. Beraz, hilerrian horma hobiak jarri beharrean, kanposantuko zoruan zulo handiak egin eta haietan aurrefabrikatutako hormigoizko egitura handiak sartuta daude. Porlanezko egitura bakoitzak bere tapa du eta haren gainean 15-20 cm-ko lur kapa dago. Horrek berdegune itxura ematen dio kanpo santuari. Herrian heriotzaren bat izaten den bakoitzean, hormigoizko egitura horietako bat zabaldu egiten dute eta haien barruan kokatzen dituzte hilkutxak. 

Iturmendiko Udalak prefabrikatutako halako hamar kutxa jarri zituen 2016. urtean. Hurrengo urtean beste hamahiru jarri zituen. Egitasmo horri jarraipena eman dio aurten udala eta hilerriko zoruan hogei kutxa gehiago jarri ditu. Horretara Iturmendiko Udalak 30.000 euro bideratu dituela jakinarazi du Kai Galartza Cervera alkateak. Obra horretara udalak bere diru baliabideak bideratu ditu, foru administrazioaren dirulaguntzarik ez baitu izan. 

Iturmendiko Udalak aurreikusitakoa betez gero, bi urte barru konponketa lanak eginen ditu hilerrian. Kanposantuaren iparraldean ubeldea dago. Hilerriaren iparrean dauden horma hobiak pixka bat mugitu dira eta behar bezala uzteko horiek egonkortzeko lanak egin behar dira. Horretaz aparte, beste egiteko batzuk ere badaude: hilerria pertsona guztiendako irisgarri bihurtzeko eskailerak kendu, kanpoko aldean aparkaleku bat egin, kolunbario gehiago jarri eta hilerriaren ordenazioarekin segitzeko, hau da, lurreko hobi guztiak distantzia berera jartzea. Lan horiek 153.028,42 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute, eta Nafarroako Gobernuaren 110.000 euroko dirulaguntza jasoko du udalak 2028an.

Bestalde, Iturmendiko Udalak Santa Marina eta Txorralde kaleak berritzeko proiektua aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsio Planean. Ezezkoa jaso du udalak. Galartzak azaldu duenez, “kale horietan zerbait eginez gero, adabakiak jartzea izanen litzateke, zorua oso hondatuta baitago. Guztiz berritzeko proiektua planaren hurrengo deialdira aurkeztuko dugu”, aurreratu du.