Astekaria

Literatura paisaia bat da

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko maiatzaren 6a

Joseba Sarrionandia eta Castillo Suarez Iturmendiko udaletxeko hitzaldian. ENEIDA CARREÑO MUNDIÑANO

Joseba Sarrionandiak 'Egoerak eta liburuak' hitzaldia eman zuen Iturmendiko udaletxean, Sakanako Mankomunitatearen Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan. Besteak beste, euskal literaturaren sorrerari buruz hitz egin zuen.

Apirilaren 24an Sakanako Mankomunitateak antolatutako azken Literatura Geraldia izan zen, Iturmendiko udaletxean, eta gonbidatua Joseba Sarrionandia izan zen. Idazleak Egoerak eta liburuak hitzaldia eman zuen; Castillo Suarezek aipatu zuenez, literaturari buruzko elkarrizketa izan zen. 

Sarrionandiaren sorterriaz, Iurretaz, hitz egiten hasi ziren. Idazlea jaio zen garaian Durangoko parte zen, gerora desanexionatu zen. Durangaldea euskalduna zela baina Durango, hiria, erdalduna zela azaldu zuen idazleak: "Durangaldean historikoki horrela izan da. Espazio euskaldun bat izan da, eta hiri erdaldun bat. Hiria, gerra denboran eta gerraostean, oso frankista zen eta ni umea nintzela egoera egoera oso bitxia zen". Mendian "baserritarrek" euskaraz hitz egiten zuten, mendiko hizkuntza zen eta euskaraz bizi ziren.

Egoera soziolinguistikoa
Zazpi urterekin hirira "jaitsi" zen; kalean ezin zuten euskaraz egin, "oso gaizki" ikusten zen: "Onartuta geneukan, akonplejatuta bizi ginen". Jesuitak ikastetxean ikasi zuen, eta laugarren batxilergoan euskaldunak zeintzuk ziren ere ez zekitela kontatu zen: "Euskalduna zela enteratzen ginenean barre egiten genion, aldeano zela eta abar esanez". Etxean "egoera soziolinguistiko arraroa" bizi zuten: "Gurasoek euren artean beti euskaraz egiten zuten, gurekin ere euskaraz, baina umeek erdaraz egiten genuen. Guk uste genuen normala zela, orain ere pentsatzen dugu normala dela, baina ez zen batere normala". 

Eskolan, besteak beste, Formación del espíritu nacional deitutako irakasgai bat zuten. Irakasgai hori gimnasiarekin batera ematen zuten, irakaslea falangeko burua zelako. Idazleak azaldu zuenez, erlijioa, espainola izaten, kapitalismoa ona zela eta abar ikasten zuten. "Nire ideologia ez dakit zein den,baina badakit zeren kontrakoa den: ni ateoa naiz; antikapitalista; antiespainola labur esateko, ez jende espainolaren kontrakoa, baizik eta estruktura espainol inperialistaren kontrakoa. Euskaldunok sufritu dugun gauzarik okerrena izan da egitura politiko espainola bere forma guztietan". 

Hamalau urterekin, amonari esker, hasi zen euskaraz egiten: "Esan zidan hizkuntzak ikastea ondo zegoela baina oso tontoa nintzela norberarena ahazteagatik. Horrekin akonplejatu nintzen". Euskara berreskuratzea erabaki zuenean gau eskolan izena eman zuen, eta hiru hilabetetara idazten eta hitz egiten hasi zen. Besteak beste, Zeruko Argia irakurtzen ere hasi zen, bertan irakasle batek herriko kronikak egiten zituen. Irakaslea "aspertuta zegoen" ez ziolako inork erreleboa hartzen, "eta niri eskatu zidan herriko kronikak egitea". Baina bere herrian ez zenez ezer pasatzen eta garai horretan zineklubak martxan jarri zirenez, filmen kritikak egiten hasi zen Argian. 

17 urterekin Bilbora Soziologia ikastera joan zen. Euskal Herrian ez zegoen unibertsitaterik eta Deustun matrikulatu zen: "Lan egiten hasi nintzen ordaintzeko eta militantzia antifrankista egiten nengoen, ez nuen alde egin nahi". Bertako soziologia "terriblea" zela esan zuen: "Soziologia funtzionalista Jesuiten ikuspuntuarekin". Momentu horretan Euskal Filologia ikasketa sortu zuten, eta filologia ikastera pasa zen. 

Literatura

"Gure asmoa izan zen abangoardiazko literatura sortzea; baina ez zegoen literaturarik"

Garai horretan Pott Banda sortu zuten, "gure asmoa izan zen abangoardiazko literatura sortzea". Baina konturatu ziren ezin zela ezer egin, besteak beste, oraindik ortografia adostu gabe zegoelako. "Euskaldunon historia terriblea da. Etxepareren testuen lau mende pasa eta 1980an adostu gabe genuen ortografia". Euskara batuaren alde egin zuten eta literatura modernoa egiten hasi ziren, "baina literatura modernoa ezin da egin hizkuntza estandar bat ez badaukazu". Idazkeraren zero gradua; "zorua behar duzu saltoa emateko, oinarri bat". Euskaraz egiten zutenak "martzianoak" ziren, "jende arraroa". 

Euskara batuarekin euskal literatura sortu zela azaldu zuen Sarrionandiak, 1980ko hamarkadan

Euskal literatura 1980ko hamarkadan sortu zela azaldu zuen Sarrionandiak: "Hortik aurrera badago literatura organikoa. Jende pila bat idazten hasi zen". Hor sortu zen euskal literatura. 

Sarrionandiak aitortu zuen ez dituela bere lanak irakurtzen: "Nik egin dut ahalegina, batzuetan asko batzuetan gutxi; amaitu dudanean amaitu dut". Suarezek bere opera magna bat aukeratzeko eskatu zion. "Benetan ez dut berrirakurri nire liburu bat eta berrirakurri dudanean ez zait gustatu". Bat aipatu zuen: Moroak gara behelaino artean. Idazten hasi zenean euskaraz irakurtzea "oso marjinala" zela esan zuen: "Nire kuadrillakoek brometan esaten zidaten ea zein hizkuntzatan idazten nuen". Gerora jendeak "ere gustua hartu" ziola gaineratu du. "Euskal Herritik joanda ez nuen hamabost urtetan konexiorik izan eta sekulako sorpresa izan zen 1998an Unai Elorriagaren nobela bat ikustea eta hamar liburu hartzea denak perfektu idatzita". Idazle asko eta "oso onak" daudela aipatu zuen. Arazoa izan da, besteak beste, "kolonialismo espainolistagatik euskara atrofiatuta" zegoela, eta oso berandu hasi zela. 

Euskara batuarekin hamabost urtean euskal literatura "goi mailara" iritsi zela azaldu zuen Sarrionandiak. "Orain daukagu literatura homologable eta on bat". Hala ere, idaztea ez dela arazoa esan zuen: "Daukagun problema da idazle gehiago daudela irakurleak baino". Euskal literaturan irakurleak behar direla gaineratu zuen. Arazoa ez da euskaldunena bakarrik, baina Espainiako  literatura inork ez badu irakurtzen ez dela ezer gertatzen azaldu zuen, "ehuneko batek irakurrita ere sistema oso bat dago hor". Euskaldunak esparru guztietan "prekarietate mailan" daudela esan zuen. 

Mundu bat
"Literatura hizkuntza bati espazioa emateko da, kultura modernoak behar du literatura espazio bat. Hizkuntza erreminta bezala ikusten da, kontzeptu instrumentala, baina ez da mailu bat. Paisaia bat da". Literatura bizi zaitezkeen mundu bat dela esan du Sarrionandiak. "Etxe bat, hemen zaude esaten duena". Arruazun Satrustegi da, Saran Axular dago eta Zalduondora joan eta Bernardo Atxaga. "Literatura leku bat da non egon zaitezke, pentsa dezakezu, sentitu, ezagutu ezagutzen ez duzun jendea eta edozein kulturak behar du hizkuntza bat".