Beheko basotik, Untzuetatik, ekarritako hogei metro luzeko pagoari hiru metro luzeko lizarra lotu zioten eta horrela osatu zuten maiatza iturmendiarrek. Makina bat jende lekuko zela, Ignacio Arbizu Gabirondoren esanetara, iturmendiarrek ordu erdian zutitu zuten maiatza. Hura zutitu ondoren euritan hasi zen, beraz, dantzariek frontoian dantzatu zuten, eta auzatea ere han eskaini zuen udalak. Bartzelonako Colla Jovereko kideak maiatza jasotzean erabiltzen den soketako bati tiraka egon ziren, eta bi pilare edo castell egin zituzten.