
1 Iturmendin dantza egunak?
Aspalditik. Maiatzaren batean beti dantzatu izan dugu Maiatza jaso ondoren. Eta Mikel Doneako festetan ere urtero dantzatzeko ohitura dugu.
2 Dantzarako zaletasuna, nondik?
Asko aspaldi hasi ginen. Altsasuko dantzari taldeko batzuk Iturmendin irakasten hasi ziren duela asko, duela 15 urte inguru. Hasieran ume guztiok eman genuen izena. Ondoren batzuk jarraitu dugu. 5 eta 25 urte arteko haur eta gazteak daude Iturmendiko dantza taldean.
3 Zenbat urterekin hasi zinen dantza taldean?
7 edo 8 urterekin, nire bi arreba helduak hasi zirelako. 12 urte izan arte egon nintzen. 12 urterekin Altsasun ikasten hasi nintzen eta hango taldean hasi nintzen. Baina orain Iturmendiko eta Altsasuko taldeetan nabil. Iturmendin irakasleak beti altsasuarrak izan direnez, ikasten ditugun dantzek erlazio handia dute. Batzuetan pausoren batekin nahas naiteke, baina erraztasun gisa ikusten dut.
4 Dantza eta mutikoak, bateragarriak dira?
Jakina. Oso kirolzalea naiz. Futbola eta dantza egin izan ditut. Oso desberdinak dirudite, baina egin daiteke. Orain ez nabil futbolean, baina duela bi urtera arte bi kiroletan ibili izan naiz.
5 Bateragarriak dira dantza pausoak futboleko driblinekin?
Dantzarekin lor dezakezun malgutasun hori futbolean erabil dezakezu, beste edonor iritsiko ez den baloi bat hartzeko, esaterako. Bestetik, futbolean agian hankak kargatzen zaizkizu eta gero dantzan hanka ezin altxa. Baina, bai, bateragarriak dira.
6 Noiz eraman zenuten zortzikoa Iturmendiko plazara?
Bagenekien zortziko bat zegoela, duela hainbat hamarkada gizonek bakarrik dantzatzen zutena. Bakaikun antzeko zortziko bat dantzatzen zela bagenekien, nahiz eta doinua pixka bat aldatu. Informatzen hasi ginen duela lauzpabost urte. Hasieran bakaikuar batzuei galdetu genien. Altsasuko txistulariekin ere hizketan ibili ginen. Nahiz eta herri osoari deialdia egin, azkenean dantza taldekoak haiekin elkartzera animatu ginen. Ernestok Bakaikuko zortzikoa erakutsi zigun. Horrela berreskuratu genuen. Ondoren askotan saiatu gara gainerako iturmendiarrei erakusten, baina oso zaila da animatzea, horretan gabiltza. Zortzikoaren ondorengo fandangoa edo arin-arina errazago dantzatzen dute.
7 Zortzikoaren ardura gazteen bizkar dago?
Gazte dantzarien bizkar. Azken 4 urtetan denei erakusten saiatu gara. Baina, azkenean, plazan dantzatzen dugunok dantzariak gara. Gure asmoa da heldu den urtean kintoei zortzikoa erakustea, eta ea kintotan dantzatzera animatzen diren.
8 Noiz dantzatu zenuten estreinakoz plazan?
Duela lau urteko festetan dantzatu nuen. Maiatzaren batean dantzatzen dugu, baina festetan dantzatzeko dantza batzuk gordetzen ditugu. Zortzikoa festetarako gorde genuen, jende gehiagok ikusteko aukera izan zezan. Ea hemendik aurrera kintotan ere dantzatzen den. Astearte ihotean ere dantzatu nuen. Ahal dugun egun guztietan dantzatzen dugu, ahalik eta jende gehien ikus dezan eta ea dantza ikastera animatzen den.
9 Zeinek jotzen ditu doinuak?
Txistulariak eta atabalariak. Hasierako bi urtetan Altsasuko txistulariekin entseatu genuen. Iturmendiar askok txistua jotzen dakite eta festetan laguntzera etorri izan dira.
10 Festen aurretik, entseguak egingo dituzue?
Ea entseatzera etortzen animatzen diren. Baina entsegu gehien ilbeltzean eginen ditugu, kinto ospakizunen aurretik. Festetarako jendea animatzea oso zaila dela ikusi dugu. Zortzikoaren ondorengoak errazago dantzatzen dute.
11 Iturmendiarrendako zer da zortzikoa?
Asko maite dugun ohitura bat da. Eskerrak berreskuratu genuen. Betidanik dantzatu eta hurrengo belaunaldiei erakutsi izan zaion zerbait da. Berreskuratu ondoren ahalegindu beharko gara orain ohitura hori zabaltzen eta mantentzen.