110 parapentelarik eman zuten izena Baiza Parapente taldeak ekainaren 13an antolatu zuen Sakana Parapente Egunean. Alde txarra, horietako batek izan zuen istripua; zorionez, hobetze bidean dago. Gainontzean, primerako balorazioa egin du Urko Toledo Baizako kideak. Festa Iturmendiko herriak Baiza Parapente taldeari utzitako kanpan ospatu zen. Bertan akanpatzeko aukera izan zuten hala nahi izan zutenek; gainontzekoek inguruko ostatuetan hartu zuten tokia. Izan ere, espainiar estatu guztitik hurbildu ziren Sakanara. "Madril, Leon, Burgos, Katalunia, eta Andaluziako jendea etorri zen, eta hemengoa".
San Migeletik
Asmoa hegaldiak Santa Marinatik egitea zen, Iturmendiko kanpan lurra hartzeko, baina haizeak ez zuen utzi. "Guretako egokiagoa izango litzateke ipar haizea egongo balitz, hegaldiak Santa Marinatik egiteko, erosoago guretako, eta Iturmendi herriari zor zaiolako. Baina hego haizea atera zitzaigun eta San Migelera joan behar izan ginen. Nolanahi ere, San Migeletik hegaldi oso onak egin zituzten parapentelariek; erraz atera ziren, eta Iturmendin lurra hartu zuen jende nahikotxok".
Giro familiarra
Santa Marinatik edo San Migeletik, bakoitzak badu berea. "Hegaldi ezberdinak dira, haizea justu kontrakoa delako. Santa Marinan ipar haizearekin errazago egiten da hegan, baina ez dira horrenbesteko altuerak hartzen, hego haizearekin altuera gehiago hartzea dagoelako. Guretako askoz errazagoa da Santa Marinan aireratzea, kanpa ugari daudelako lurra hartzeko, eta kable gutxi, oraingoz".
Gustura pasatu zuten. "Egun guztian oso giro ona egon zen, bai Iturmendiko kanpan, eta San Migelen ere bai. Iluntze aldean musika jarri genuen eta kantatzera animatu ziren bat baino gehiago". Parapentelariak, ezin hobeki. "Lehen aldiz etortzen direnek urtero esaten digute izugarrizko parajeak ditugula. Beriain, Urbasa, Aralar... ikustea ikaragarria da beraiendako".
Urko Toledorendako, Sakanako topaketa bertan dagoen giroak egiten du berezi. "Gainontzeko topaketak baino familiarragoa da gurea. Etortzen diren parapentelariek esaten dute hemen dagoen giroa ez dela toki askotan ikusten. Hala dela sinisten hasi beharko dugu".