"Txikitatik jazz musika gustatu izan zait, baina ez nekien dantzatu zitekeenik". Adrian Cerezo iturmendiarra ezustean ezagutu zuen swing-a duela bederatzi bat urte. "Iruñean bizi nintzenean, udan Zaldi Zurian kontzertuak antolatzen dituzte, eta amaitzean swing dantzarien elkartekoek altaboz bat jartzen zuen eta dantzatzen aritzen ziren". Cerezo koreografiak begiratzen gelditzen zen, "eta asko gustatzen zitzaidan horrelako musikarekin modu horretan adierazi ahal izatea eta dantzatzea". Swing dantzan murgildu zen, eta gaur egun talde bat osatu dute. Uztailaren 17an, eguerdian, Iturmendiko festetan emanaldia eta klase irekia eman zuten. "Gogoa eta jarrera, besterik ez da behar".
Jendea swing dantzatzen ari denean "zoriontsua" dela da Cerezok dantza estilotik nabarmentzen duena: "Betidanik atentzioa eman dit jendea beti irribarre dagoela, barre egiten...". Jazz musikaren gainean dantzatzen denez, eta inprobisazio handiko musika denez, dantza ere "joko bat" bezalakoa dela azaldu du: "Badira urrats jakin batzuk -swing out, circle swing...-, 1920ko eta 1930ko hamarkadatik datozenak, gutxi gora behera denek ezagutzen ditugunak; baina gero aldaera asko daude, erritmo aldaketak eta dantzatzen ari zaren pertsonarekin duzun konexioaren arabera gehiago edo gutxiago jokatu dezakezu ere". Hortaz, abestei baten gainean "oso dantza desberdinak" egin daitezke norekin dantzatzen ari zaren arabera.
Swing dantza ezagutu ondoren, Iruñeko dantza eskola batean izena eman zuen Cerezok, "une horretan swing estiloaren antzindaria izan zen, duela hamabi bat urte". Handiena ere zela esan du iturmendiarrak. Bertan sei urte inguru egon zen eta bertako dantzari gehiagorekin talde bat sortu zuten, "Iturmendin egongo garenak".
Swing dantza
Dantza, berez, ez da koreografiatua, baina emanaldiak egiteko orduan aurretik egin zituzten koreografia "ospetsuetatik" edaten dutela azaldu du Cerezok: "Izena dute koreografiak dira, hiri jakin batean sortuak, dantza talde ospetsu batean... Baliabide bezala gelditu dira, eta horiekin urrats desberdinak elkartzen ikasten dugu eta abar". Abesti jakin hori entzuten dutenean, "modu inprobisatuan dantzatzeari uzten diogu, eta koreografia hori dantzatzen" hasten dira. Zazpi edo zortzi dantza dira, eta Iturmendin horietako baten bat egin zuten.
Emanaldia
Iturmendiko festetako emanaldian sei bat dantzari koreografiak egiten aritu ziren eta, ondoren, klase irekia eman zuten: "Dantzan hasateko ez da ezer behar. Nik aurretik euskal dantza egin izan dut, baina ezer gehiago. Mota askotako jendea etortzen da; ballet edo klasikotik datorren jendea, aurretik dantza egin duen jendea, edo inoiz ezer egin duena". Duela pare bat urte Etxarri Aranatzen emanaldia egin zuten ere, eta Iruñean topaketak egiten dituzte, ikasturte amaierako erakustaldiak eta jaialdi handiagoetan ere parte hartzen dute.
Swing dantza 1920ko eta 1930ko hamarkadetako dantza dela kontuan izanda, dantza egiteko arropaz galdetuta, Cerezok esan du publikoaren aurrean egiten den emanaldi baterako bai janzten dituztela garaiko jantziak, praka pintzadunak edo garaiko txanoak, alkandora... Baina egunero dantzatzera joaten direnean "normal" janzten dira.