Uda Sakanan 2026

"Ni neu eraikitzeko modu bat da; nire burua ezagutzeko modu bat"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 31

Irantzu Garcia Agirre iturmendiarra basoan. UTZITAKOA

Irantzu Garcia Agirreri mendira joan, gelditu eta inguruan dagoena behatzea gustatzen zaio; dena dela, edozein tokitan zer ikusi dagoela esan du.

Marraztea, landareak begiratzea eta menditik ibiltzea dira Irantzu Garcia Agirreren zaletasunak, "eta zizak daudenean, zizak bilatzea eta begiratzea". Betidanik izan duen joera da, "ez dut inondik jaso, horrela bat-batean agertu zela. Familiatik; beti ibili gara basoan, mendian eta naturan".

Mendira joatea eta ingurua behatzeak "lasai eta pozik bizitzeko aukera" ematen dio zaletasunak iturmendiarrari: "Baita gauza asko ikasteko aukera ere, ni neu eraikitzeko modu bat da, nire burua eta pertsona ezagutzeko modu bat".

Gehienetan bakarrik egiten duen zaletasuna da, "jendeak normalean ez dituelako zaletasun hauek egiten"; bestela, norbait animatzen bada, ongi etorria da: "Gauzak irakasteko bada, primeran jendea etortzen bada". Bestela, bakarrik joatea nahiago du, gehienbat gauzak "deskubritzera" joaten denean.

Elkarrekin

"Ikastera eta gauzak deskubritzera joaten naizenean, koadernotxo bat eraman ohi dut"

"Zaletasunak elkarrekin doaz, uztartzen ditut". Mendira joaten bada, helburu zehatza badu, eta zerbait bilatzera joaten bada, ez du marrazkirik egiten. "Baina ikastera eta gauzak deskubritzera joaten naizenean, helburu zehatzik gabe, koadernotxo bat, arkatza edo boligrafoa eraman ohi ditut eta aurkitutakoa marrazten dut". Oporretara edo bidaiak egiten dituenean ere "beti" eramaten du koadernotxo txiki bat, "eta hor apuntatzen eta marrazten ditut aurkitu ditudan landareak, paisaiak marrazten ditut...". Zirriborroak egiten ditu, eta etxean dagoenean ikusi duenarekin "marrazki hobeak" egiten ditu.

Urtean zehar eginte duen zaletasuna da, "gainera, zizen arloan orain udan oso gutxi egoten da, eta bereziki aurten, dena oso lehorra dagoelako". Zizen zaletasuna batez ere udazkenean egiten du, eta udaberrian ere tartetxo bat egoten da, "baina egia esan urte osoan egoten da gauzak egiteko eta landareak begiratzeko aukera; edozein gauza behatu daiteke, egia esan". Urtaroa ez dela muga aipatu du.

Edozein menditara joaten den arren, normalean Iturmenditik gertu ibiltzen da Garcia: "Urbasa, Aralar... Baina Nafarroako edozein mendi izan daiteke". Natura behatzeko materialei dagokionez, oinarrizko liburu batzuk izatea ondo etortzen dela esan du: "Gaur egun jendeak agian ez ditu liburuak hainbeste erabiltzen eta aplikazioak nahiago ditu;; baina liburuak beharrezkoak dira edozein momentutan kontsultatzeko". Bestetik, laban edo aitzur txiki bat eramatea gomendatzen du, eta etxera eramateko bada, poltsak edo saskiak eramatea ere aholkatu du. "Badago jendea argazkiak egiten dituena, baina horretarako zaletasuna izan behar duzu eta argazkiak ondo egiten jakin".

"Gustatuko litzaidakeena baino gutxiago egiten dut". Lanagatik etxera iristean agian mendira joateko "gogorik gabe" egoten dela esan du Garciak: "Baina baratzean ere gauzak ikus daitezke, baita etxeko lorontzietan ere modu basatietan ateratzen diren gauzak behatzea gustatzen zait; ea zer den ateratzen dena eta abar". Edozein tokitan eta edozein momentutan behatzeko aukera dagoela esan du: "Kaleetan agertzen diren belar eta gauza arraroak izan daitezke ere". Bestela, mendira astean behin joaten saiatzen da, "baina beti ezin da".

"Jakinmina" duten pertsonei gomendatzen die behatzeko zaletasuna: "Ez da bakarrik mendira joatea eta landareak edo animaliak gustatzea; begirada pixka bat landu nahi duten pertsona horiei gomedatuko nieke. Mendira joan daitezela, baina ez gelditzeko bakarrik ibilbidearekin. Gelditu, eta hor lurrean dagoena behatzea; azterketa hor egitea".