The Reventonesen azkena karrikan

Guaixe 2007ko urriaren 17a

The Reventones talde altsasuarrak dagoeneko Sakanako hainbat tabernatan banatu du bere 3. maketa dena. Musikari altsasuarrek apribilean grabatu zuten maketa Iruñeko K estudioan. 11 kantu guztira. Josetxok eta Peiok esan digutenez "ia dena lehen joaldian grabatutakoa da". Hori lortzeko entsegu lokaletik estudiora doinu guztiak ongi mamituta eraman behar izan zituzten. Horregatik prestaketak "lan gehiago" eskatu diela esan dute taldekideek. Eta ez soilik doinu kopurua aurreko maketetan baino handiagoa delako. Everything´s...Maketa osatzen duten piezak sortzen eta borobiltzen bi urte eman ondoren, The Reventones "gustura" gelditu da grabaketarekin eta diskoaren soinuarekin. Aurreko lanekin alderatuta entzuleak "kaña pixka bat gehiago, gitarra konpaktuagoak" opatuko dituela esan digute Josetxok eta Peiok. Boskote altsasuarraren konposizioak aurreko maketetakoak baino luzeagoak dira. Taldekideek ziurtatu digutenez, "dena borobilagoa da". Taldeak bere estiloan sakonduz "rock entzun erraza" egiten jarraitzen du, kantuaren arabera erritmoa azkarragoa edo mantsoagoa bada ere. The Reventonesen sortze prozesua Leok (gitarra) lokalera eramandako ideia edo melodiarekin hasten da. Gitarra oinarri horri Jose (gitarra), Dudu (baxua) eta Josetxo (bateria) gehitzen doaz, kantak itxura hartu arte. Behin doinua dutela letra gehitzea Peioren (ahotsa) ardura da. Peiok berak esan digunez "gaiak meditatuagoak dira. Badira lerro artean irakurri beharreko letra duten doinuak. Baina badira zuzenagoak diren beste batzuk, gerraren kontrakoa kasu". Diskoa entzun bitartean ingelesezko letrak irakurtzea aholkatu digu abeslariak. Maketaren izenburua euskarara itzulita dena da beltza edo txuria esan nahi du eta horretaz galdetuta, taldekideek harridura eta galdera ikurrei erreparatu diete, batek baieztatu egiten duelako eta besteak zalantza uzten duelako. MaketaEverything´s black or white!? maketaren 1.000 kopia egin ditu The Reventonesek eta ohiko tokietan 6 eurotan jarri dute salgai. Uda ondoren taldea berriro ere kokatzen ari da, eta han-hemengo eskenatokietan haien lana defendatzeko nahia du orain The Reventonesek. Azkenik, boskoteak bere esker ona azaldu nahi izan die Jose Claver eta David Nunciori egindako argazkiengatik eta Olga Madinari, landutako diseinuagatik.