Irurtzungo saihesbide egitasmoak Izurdiagako udalerriko 400 bat metro hartzen ditu. Egitasmoari alegazioak aurkezteko epea larunbatean despedituko da eta Izurdiagatik dagoeneko jakinarazi digute, gutxienez, 7 herritarrek eta kontzejuak alegazioak aurkeztuko dituztela. Haiekin batera Arakilgo Udalak ere egitasmoari zehaztapenak eginen dizkio. Izurdiagako Kontzejuko buru Jose Luis Garcia Urbistondok jakinarazi digunez, aurreko larunbatean herritarrak eta kontzejuko kideak bildu ziren "gaia aztertu eta zein alegazio egoki jotzen ziren aurkeztea aztertzeko". Irizpideak bateratuta, izurdiagarrak, kontzejua eta udala astelehenean bildu ziren. Hala, erabaki zen erakundeek eta egitasmoa ukitutako etxeen jabeek alegazio bana aurkeztea. Batzuena besteen osagarri izanen dira. EskaerakJose Luisek azaldu digunez, kontzejuak aurkeztu duen lehen alegazioa zehaztapen batekin zerikusia du: "saihesbide egitasmoan herritik pasatzen denari errepidea deitzen zaio. Guretako kalea edo herri-zeharbide izendapena izan beharko lukeela". Kontzeju buruak gaineratu duenez, aurkeztu diren alegazioak "dagoena mantendu edo hobetzeko" nahiarekin aurkeztu dira. Horregatik, "egun dauden etxebizitzetarako edo etorkizunean jasoko direnetarako sarbidea ziurtatzea" eskatu du kontzejuak. Jose Luisek jakinarazi digunez, "galtzadaren alde bietan espaloiak jartzea eskatu dugu. Bi aldeetan ezin denean alde batean behintzat jartzea nahi genuke eta, horrekin batera, alde batetik bestera pasatzeko zebrabide goratuak jartzea. Bi gutxienez". Izurdiagako herritarrek, bestalde, lanekin batera, argiteri publikoko eta argindar sareak lurperatzea eskatu dute alegazioetan. Etxeetako ur zikinak biltzeko sare egokia ere eskatu dute izurdiagarrek alegazioetan. Horretaz gain, euri ura biltzeko sare egokia eskatu dute. Kontzeju buruak azaldu digunez, "galtzadako asfaltoa berritu duten bakoitzean asfalto geruza berria jarri dute aurrekoaren gainean. Horrek galtzada toki batzuetan berezkoa duen maila baino 35 edo 40 cm gorago egotea ekarri du eta etxeen parean, batez ere, euri urekin nahikoa arazo sortzen dira. Horregatik galtzada bere mailara jaistea eskatu dugu".