Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iturrotz Txirrindularitza Klubak, Lizarrako Saltamontes Klubak eta Cascanteko 39x26 Klubak indarrak batzea eta Nafarroa mailako mountain bike torneoa antolatzea erabaki dute aurten, eta Rural Kutxa Kopa BTT izena hartu du Nafarroako mountain bike torneo garrantzitsuena izango denak. Zortzi lasterketako egutegia izango du torneoak eta lasterketa bat Sakanara helduko da, laugarren lasterketa hain zuzen, ostiralean, maiatzaren 1ean Izurdiagan jokatuko den 4. San Juan Trofeoa. Rural Kutxa Kopa BTT Rural Kutxa Kopa BTTk H1 maila dauka, hau da, Espainiako Federazioko maila altuena. Torneo honi esker Nafarroa mountain bike-ko elitean kokatuko da, soilik Madrilen antolatzen baita ezaugarri honetako lasterketen kopuru berbera. Horrela, Izurdiagan zirkuitu "motz baina exigentea, oso entretenigarria eta ikusgarria" prestatu da, antolatzaileen esanetan. 10:30ean hasiko da proba nagusia, eta txirrindulariek hainbat buelta eman beharko dizkiote. Maila guztietako txirrindulariak ariko dira, kadeteetatik hasita beteranoetara, eta proba nagusia baino lehen 10 eta 14 urte bitarteko txirrindulariak euren beharretara Izurdiagako futbol zelaian prestatutako beste zirkuitu "xume eta entretenigarrian" ariko dira lehian. Hasiberriek 2 buelta emango dituzte, kimuek bost eta haurrek zortzi. Antolatzaileek 200 partaide inguru espero dituzte lasterketa bakoitzean. Gainera, txirrindulariek ez dute inskripziorik ordaindu beharko. Mountain bike-aren ofizialitatea bilatu nahian, Kopak, puntuazioak eta sariek -lasterketa bakoitzeko 1.200 euro- Espainiako Federazioko araudia jarraituko dute. Ariko diren txirrindulariakDagoeneko hiru lasterketa jokatu dira: martxoaren 15ean Izkuen, martxoaren 22an Cascanten eta apirilaren 26an Tuteran. Hauek kontuan hartuta egun Bikezona-Cannondale taldeko Joseba Leon da liderra. 23 urtez azpian Diego Latasa da buru - 23 urtez azpiko Euskadiko eta Nafarroako txapelduna - , eta nesketan, Ciclos Patxiko Olatz Odriozola. Beteranoen liderra Juan Alonso da eta kadeteena C.Lasa-Cons. Sagardoi Hnos. Taldeko Daniel Aristu. Juniorretako buru Ceramicas Egurzako Carlos Gomez dugu eta master 30en burua Econovako Jose Luis Iñorbe. Aipatutako bikerrak euren lidergoa sendotzeko asmoz etorriko dira Izurdiagara, baina gogor borrokatuko beharko dute euren postua lortzeko, borroka latza izanen baita. Aipatzekoez gain Euskal Herriko biker onenak ariko dira Izurdiagan, tartean master 30 mailako Espainiako txapelduna. Gainera, Gaztela eta Levanteko txirrindulariek interesa azaldu dute. Aste Santuan lesionatu zen Nafarroako gazte mailako txapeldun Aitor Beginoren baja inportantea izanen da. Rural Kutxa Kopan Coloma eta Lejarreta profesionalen atzean sailkapena animatzen ari den Diego Latasa zirkuitua probatzen izan zen eta "ederra, oso entretenigarria" zela adierazi zuen, "ez zitzaiola ezer falta". "Ziurrenik lasterketa banaka-banaka bukatzen dela" nabarmendu zuen.Herri lasterketa egiteko asmoa bertan beheraSakana Triatloi Taldeko hainbat kidek BTT mailako lasterketaren batean parte hartzeko interesa azaldu zuten, baina Nafarroako Txirrindularitza Federazioak ez du egun bateko federatutako txartelik onartzen. Hortaz, txirrindula probetan parte hartzeko urte osorako federatzea derrigorrezkoa dute beste diziplinetako atletek. Horri buelta emateko, lasterketa ofiziala baino ordu bat lehenago herri mailako lasterketa edo lasterketa popularra antolatzea bururatu zitzaien Izurdiagako BTT lasterketako antolatzaileei, seguru partikular bat kontratatuz. Baina gutxienez 25-30 parte hartzaile egotea eskatzen zuen horrek. Sakanako Mankomunitatetik ere BTT zaleei bertan aritzea animatu zaie, baina ez da nahikoa kopururik bildu. Dena den, etorkizunean ideiak interesa badu, antolatzeko prest daude Izurdiagan.