Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lasterketa nagusia hasi baino lehen, 30 gaztetxo inguru Izurdiagako futbol zelaiaren inguruan eurendako propio prestatutako zirkuituan aritu ziren lanean, primerako giroan. Ondoren, goizeko 11:00etan hasi zen helduen lana. Antolakuntzak, Izurdiagako San Juan auzotik abiatuta, herriko baso eta larreak zeharkatzen zituen zirkuitu ederra prestatu zuen. Ostirala hotz esnatu zen, prezipitaziorik gabe, baina aurreko egunetan botatako euriek sekulako lokatza pilatu zuten zirkuituan, lasterketa gogorra zena infernu bilakatuz. Horregatik, antolakuntzak ibilbidea laburtu egin zuen: zirkuituari 6 buelta eman beharrean bost buelta eman zizkioten bikerrek, 30 km guztira. Batera atera ziren txirrindulariak, baina lokaztutako tramuen eta matxura tekniko ugariren ondorioz, taldea hautsi egin zen. Conor-C. La Siesta taldeko Patxi Cia, C. Maestre taldeko Ismael Esteban eta Bikezona-Cannondale taldeko Joseba Leon hirukoteak aurrea hartu zuen eta proba erdira arte batuta joan ziren. Baina probaren gogortasuna zela medio - gurpilak lokatza ugari pilatzen joan ziren, txirrindulek sekulako pisua hartuz - Joseba Leon atzean geratu zen. Estebanek ere ezin izan zion Ciaren erritmo gogorrari eutsi ahal izan, eta azkeneko itzuliari bakarrik ekin zion Ciak, Nahiz eta Estebanekiko zuen abantaila handia ez izan, Ciak bikain kontrolatu zuen indarra zein distantzia, eta bakarrik heldu zen helmugara. Esteban izan zen bigarren, 39 segundora, eta Leon hirugarren, 2:37ra, Rural Kutxa Kopako lidergoari eutsiz. Beste kategorietako emaitzak23 urtez azpikoen artean Rural Kutxako liderrak, Conor-Saltokiko Diego Latasak, matxura ugari izan zituen. Nahiz eta gurpila bi aldiz zulatu, gune teknikoan gurpila konpondu eta garaipena lortu zuen, bere lidergoa sendotuz. Haren atzetik Josu Lizoain (Conor-Saltoki) eta Alvaro Olasolo (C. Egurza) sailkatu ziren. Emakumezkoetan probaren gogortasuna zela medio, hainbat bikerrek proba utzi behar izan zuten eta soilik bi emakumek bukatu zuten proba. C. Patxi taldeko Olatz Odriozolak garaipena lortu eta Kopan duen lidergoa sendotu zuen, eta PD taldeko Estibalitz Garcia bigarren izan zen. Junior mailan norgehiagoka interesgarria eskaini zuten Kadus-Borrascas taldeko Yago Sardinak - Toledokoa junior mailako Espainiako onenetakoa da - eta Rural Kutxa Kopako lider C. Egurza taldeko Carlos Gomezek - Iparraldeko jubenil onenetakoa - . Berrizko Antxon Sarasketarekin batera lasterketaren buruan jarri ziren hasieratik, baina probak aurrera egin ahala Sarasketak proba utzi behar izan zuen eta Sardinak ezin izan zuen Carlos Gomez lizartarraren erritmoa jarraitu. Garaipen garrantzitsua lortu zuen Gomezek, Kopako lidergoa sendotzen lagundu ziona, Sardina bigarrena izan zen eta Egurza taldeko Andres Etxeberriak podiuma osatu zuen. Gainerako kategoriatan, kadeteetan Daniel Aristu gailendu zen (C. Lasa-Cons. Sagardoi Hnos.) Iker Eskisabel (Lizarralde Kirolak) eta Javier Izquierdo (C. Gamen-Econova) bikerren aurretik, Rural Kutxako lidergoari eutsiz. Master 30-etan C. Gamen-Econovako Jose Luis Iñorbe nagusitu zen, eta Rural Kutxako lidergoa eskuratu zuen, Ibon Ortiz de Zarate (Aluvalle) bigarren postura jaitsaraziz eta Raul Serrano (Conor-Saltoki) hirugarrenera. Eta beteranoetan nahiz eta Jesus Angel Espadak (ChiquiBike-Also) garaipena lortu, Juan Alonsok (PD) jarraitzen du lider; Espada da bigarren eta Jesus Mari Alcasena (Conor Saltoki) hirugarren. Izurdiagako proban Alonso hirugarren izan zen eta Jose Angel Lopez (Ikaia) bigarren. Taldeka, Conor Saltoki izan zen onena eta sailkapen orokorrean ere talde horrek segitzen du buruan. Rural Kutxa BTT-ko bosgarren proba maiatzaren 17an jokatuko da Lizarran.Probako irudiak argazkien galerian ikus litezke.