Trenbide pasa kentzeko egitasmoa hasiera batez onartu dute

Guaixe 2009ko urriaren 29a

Izurdiagako trenbide pasagunea kentzeko proiektua hasiera batez onartu du Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilari, Laura Alba Cuadradok. Horrenbestez, hasiera eman diote proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze espedienteari. Egitasmoa hilabetez egonen da jendaurrean eta ukitutako toki entitateei entzunaldia eman zaie. EgitasmoaTrenbidea pasagunearen azpitik zeharkatuko duen bide bat aurreikusi da. Bide horren gutxieneko galibo bertikal librea 4,5 metro baino gutxiagokoa izanen da eta bidearekiko 37º desbideratua egonen da. Halaber, aurreikusi da zerbitzu-bide bat eta zenbait etxebizitzatara eta tren-geltokira sartzeko adarrak egitea.Proiektatutako azpiko pasaguneak 6 metroko galtzada dauka, 3 metroko bi lerro (norabide bakoitzeko), metro bateko bazterbidea eta 2 metroko espaloia ezker aldean, eta gehieneko malda % 7,75ekoa da. Zerbitzu-bideak eta tren-geltokira eta etxebizitzetara sartzeko kaleak 2,5 metroko lerroz osatutako zeharkako sekzioa dute.Azpiko pasaguneko lanek iraun bitartean Arraizagako bidetik desbideratuko litzateke trafikoa. Horregatik, aurreikusi da bidea zolatu eta egokitzea, ibilgailuak pasa daitezen. Horrek 5 metroko galtzada izanen du, lerro bakoitzeko 2,5 metro. Zerbitzu bidea San Joan auzoan bukatuko luke, eliz ondoan.AlegazioakIzurdiagako Kontzejua ez dago aurkeztu den egitasmoarekin ados eta proposamen bat aurkeztu dio udalari. Proposamen hori ere alegazio gisa aurkeztuko du kontzejuak. Gainera, herritarren %82 inguruk eta errepidearen 150 bat erabiltzailek kontzejuak landutako alegazioarekin bat egin duela esan digu Jose Luis Garcia Urbistondok, kontzeju buruak. Kontzejuarenarekin batera aurkeztuko dira alegazio horiek guztiak. Nahi duenak bat egin dezake, baina alegazioak azaro hasieran aurkeztuko ditu kontzejuak. Kontzejuak gobernuaren egitasmoari ezezkoa emateko arrazoietako bat da, zerbitzu bidea Alde Zaharreko plaza bakarrean bukatzen dela, "eliza, hilerria eta herriaren arteko pasa gunea da, eta herritarrek ere autoak han aparkatzen dituzte". Baina plazatik errepidera ateratzeko 3 m zabal eta 3 m altu dituen trenbide azpiko pasa bat besterik ez dago. "Ez da nahikoa suhiltzaile, autobus, kamioi eta bestelako ibilgailuak pasatzeko", dio Garciak. Arakilgo Udalak, bere aldetik, bi bide hartu ditu. Alde batetik, gobernuak aurkeztutako egitasmoari hobekuntzak aurkeztea, segurtasun eta beste arlo batzuetakoak. Eta, bestetik, kontzejuak proposatutako aukera teknikoki ebaluatzea. Horregatik, besteak beste, asteartean futbol zelai inguruan topografia ikerketa eginen du. Arakilgo Udalak behin eta berriz errepikatu du "ahal den neurrian, beti herriek diotena defendatuko du udalak". Kontzejuaren proposamenaIzurdiagako Kontzejuak proposatzen duena da gobernuaren proposamenean zerbitzu-bide izanen litzatekeen bidea errepide bihurtzea. Hala eginen balitz, trenbide azpian ez litzatekeela zulorik egin beharko azaldu digu Garciak, "soilik oinezkoendako egituraren bat jarri beharko litzateke". Kontzejuaren asmoaren arabera autopista azpiko zubi ondoan borobil bat eginen litzateke eta Arraizagako bidetik (autopistarekin paralelo) Alde Zaharrarekin (San Joan auzoa) lotuko litzateke. Elizaren mendebaldetik, zubi baten bidez, trenbidea gainditu eta kontzeju etxearen parean bukatuko litzateke errepidea. Futbol zelaiko aparkalekuan borobil berri bat eraikitzea proposatzen du kontzejuak eta errepide berri bat eraikiko litzateke ibaitik paralelo joanen litzatekeena eta metro gutxira egungo errepidearekin bat eginen lukeena. Kontzejuak bere proposamenean futbol zelaian egin beharreko borobila eta Errotz alderako errepide zati berria egungo kota baino altuago eraikitzea proposatu du, "horrela dagoen uholde arriskua eragotziko genuke". Metro bat, bi eta hiru igotzeko proposamenak aurkeztuko ditu.