Trenbide pasa kentzeko kontzejuaren aukera Herri Lan Departamentuan

Guaixe 2009ko aza. 11a, 00:00
Azaroaren bian Izurdiagan lanean aritu ziren udalaren eta kontzejuaren topografoak. Haien lanak emandako datuek egiaztatu zuten Izurdiagako Kontzejuak trenbide pasa kentzeko proposatutako alternatiba egingarria zela. Udaleko arkitektoak txostena prestatu du, kontzejuaren proposamenean aldaketa txiki batzuk sartuz. Bestalde, Arakilgo Udala Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko teknikariekin harremanetan jarri da proposamen berri hori teknikoki baloratzeko eta kontsultak egiteko. Horien ondoren, udalak kontzejuaren proposamena aurkeztuko du departamentuan. Kontzejuaren proposamenaAutopista azpiko zubi ondoan borobil bat eginen litzateke eta Arraizagako bidetik (autopistarekin paralelo) Alde Zaharrarekin (San Joan auzoa) lotuko litzateke. Elizaren mendebaldetik, zubi baten bidez, trenbidea gainditu eta kontzeju etxearen parean bukatuko litzateke errepidea. Futbol zelaiko aparkalekuan borobil berri bat eraikitzea proposatzen du kontzejuak eta errepide berri bat eraikiko litzateke ibaiaren parean joanen litzatekeena eta metro gutxira egungo errepidearekin bat eginen lukeena.Kontzejuak bere proposamenean futbol zelaian egin beharreko borobila eta Errotz alderako errepide zati berria egungo kota baino altuago eraikitzea proposatu du, "horrela dagoen uholde arriskua eragotziko genuke". Metro bat, bi eta hiru igotzeko proposamenak aurkeztuko ditu.