Igandean hasiko da aurtengo Rural Kutxa BTT Kopa, Izkuen jokatuko den XVIII. Galtzagorri Trofeoarekin. Iaz bezala, mendi txirrindularitzan aritzen diren puntako txirrindulariek eta afizionatuek aukera bikaina izango dute goi mailako torneo batean aritzeko. Izurdiagan uztailaren 3anKopak zortzi lasterketa izanen ditu aurten. Lehenengoa igandekoa da, Izkuen jokatuko dena, eta azkena urriaren 3an Zangozan jokatuko dena. Rural Kutxa BTT Kopa Sakanara ere helduko da, uztailaren 3an probako azkenaurreko proba jokatuko baita Izurdiagan, V. San Juan Trofeoa hain zuzen. Lasterketa guztiak Espainiako federazioko egutegirako baliagarriak izango dira, H1 mailan, maila altuenean. Antolatzaileek adierazi dutenez, proba bakoitzean 200 txirrindulari ingururen parte-hartzea espero da. Hainbat txirrindulari profesionalek probetan parte hartzeko interesa azaldu omen dute, baina protagonista nagusienak iparraldeko afizionatu onenak izango dira. Joseba Leonek eta Olatz Odriozolak iaz lortutako titulua defendatu beharko dute. Aipatzekoa da, proba nagusiaz aparte kategoria txikiko lasterketak antolatuko direla, 10-14 urte bitarteko haurrei begira, harrobia bulkatzeko.