V. San Juan BTT Trofeoa jokoan Izurdiagan

Guaixe 2010eko uztailaren 2a

Larunbatean Izurdiagak V. San Juan BTT Trofeoa hartuko du, Rural Kutxa Koparako baliagarria den zazpigarren proba eta Nafar Kirol Jolasen Mountain Bike Txapelketako azken proba. 16:30ean kategoria txikikoen proba abiatuko da, futbol zelaiaren inguruan eurendako propio prestatutako zirkuituan, eta 17:00etan nagusien proba. Aurten zirkuitu berri bat prestatu dute, iazkoaren ezaugarri ikusgarriak mantenduz baina lohi guneak ekiditen saiatuz. Rural Kutxa BTT Kopa Iturrotz, Saltamontes eta 39x26 klubek antolatu dute, hainbat babesleren laguntzarekin, eta Izurdiagako lasterketarako Toldos Berriainz, Saprem, Arakilgo Udala eta Izurdiagako Kontzejuaren laguntza izan dute. Probako distantziakAntolakuntzak 5,5 kilometroko eta 230 metroko desnibel positiboko zirkuitu berri bat prestatu du Izurdiagan. Eliteak, 23 urtez azpikoak eta master 30 kategoriakoek 5 itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari; beteranoek 4 itzuli; juniorrek, emakumeek eta kadeteek 3 itzuli; eta haur mailakoek itzuli bat. Ibilbideari dagokionez, hasieran pista batetik igoera suabea egin beharko dute txirrindulariek eta gero gorabeheratsua izanen da pista. Ondoren basora sartuko dira txirrindulariak, eta hauxe izango da eremu gogorrena, senda eta zuhaitz artean. Zati motza da, baina oso exigentea. Jaitsieren tartea helduko da gero, eta basora helduko dira segituan, atzera ere aldapa gora ibili beharrekoa. Bukatzeko, azken jaitsierari egin beharko diote aurre, helmugara iristeko. Txirrindulariendako eta zaleendako zirkuitu ederra da Izurdiagakoa, edozein tokitan jarri ahal direlako proba jarraitzera. Antolakuntzatik diote zirkuitu "motz baina exigentea, oso entretenigarria eta ikusgarria" prestatu dutela. BTTlari onenakEuskal Herriko eta inguruneko mountain bike edo BTT txirrindulari ezagunenak ariko dira Izurdiagan, eta baita amateurrak ere. Edonork aritu nahi badu, izen ematea zabalik egongo da larunbatean, Izurdiagako futbol zelaiaren alboan dagoen egoitzan, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenagora arte. Irteera eta helmuga Izurdiagako San Juan auzoko iturriko plazan daude. Txirrindulariek bi hornidura gune izango dituzte, bata helmugan eta bestea herri gunetik 700 metrora. Egun Carlos Coloma errioxarra da Rural Kutxa BTT Kopako liderra, puntu askotxoko aldearekin. Baina ezingo da Izurdiagan aritu, Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketetan arituko baita. Hortaz, bigarrena den Joseba Leonek sekulako aukera izanen du maillot horia janzteko. Hirugarrena, Raul Serrano, lesionatuta dago eta horrek gauzak erraztuko dizkio Leoni. Olatz Odriozola lehen emakumea da, Luis Grasa lehen juniorra, Matias Rekalde kadeteen burua, Joseba Leon master 30ekoa eta Jesus Angel Espada lehen beteranoa.Izurdiagakoa Rural Kutxa BTT txapelketako azkenaurreko proba da. Orain arte Izkuen, Tuteran, Aiegin, Cascanten, Lizarran eta Arazurin jokatu dira probak, eta txapelketa irailaren 13an despedituko da, Aiegin jokatuko den lasterketarekin.