Ventura nagusi Izurdiagako V. San Juan Trofeoan

Guaixe 2010eko uztailaren 5a

Larunbatean V. San Juan BTT Trofeoa hartu zuen Izurdiagak, Rural Kutxa Kopako zazpigarren eta azkenaurreko proba, hain zuzen. Lehenik eta behin kategoria txikikoen proba jokatu zen futbol zelaiaren inguruan prestatutako zirkuituan, eta beranduago nagusien proba hasi zen. Antolakuntzak 5,5 km-ko eta 230 metroko desnibel positiboko zirkuitu ederra, gogorra eta ikusgarria prestatu zuen Izurdiagako inguruetan. Irteera eta helmuga San Juan auzoko iturriko plazan zegoen, eta hortik abiatuta pista, baso, eta hamaika zirrikituetatik barna ibili behar ziren txirrindulariak, maldan gora eta maldan behera, dena ematen. Eliteak, 23 urtez azpikoak eta master 30 kategoriakoek 5 itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari; beteranoek 4 itzuli; juniorrek, emakumeek eta kadeteek 3 itzuli; eta haur mailakoek itzuli bat. Eguraldiak lagundu zuen eta proba jokatu bitartean ez zuen euririk egin. Probak utzi zuenaRural Kutxa BTT Kopako liderra zen Carlos Coloma ezin zen Izurdiagan aritu, Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa prestatzen ari baitzen, eta egoera hori bikain aprobetxatu zuten arerioek haren maillota janzteko, sailkapenean bigarrena zen Joseba Leonek bereziki. Hasieratik Ismael Venturak (Esteve) eta Patxi Ciak (MSC) hartu zuten aurrea, atzetik Milton Ramos (Giant) zutela, baina gurpilean zulaketa izan zuen Ramosek, eta lehiatik kanpo geratu zen. Hirugarren itzulian Venturak eraso gogorra jo zuen eta Cia atzean geratu zen. Gainera matxura izan zuen eta desbideragailua konpontzera gelditu behar izan zen. Horrela, Ventura elitea izan zen garailea (1:27:00), Ciari minutu bat eta 23 segundo aterata (1:28:23). Hirugarrena 23 urtez azpiko Diego Latasa izan zen (Conor-Saltoki, 1:30:27) eta laugarrena Joseba Leon (Bikezona-Cannondale, 1:33:10). Leonek Rural Kutxa BTT Kopako elite mailako lidergoa eskuratu zuen. Emakumezkoetan Olatz Odriozola (Conor-Saltoki) izan zen dominatzaile argia. Juniorretan Andres Etxeberriak eta Carlos Gomezek (Ceramicas Egurza-Andres Etxeberria) dominatu zuten - Etxeberriak lider maillota jantzi zuen - . Javier Izquierdo (C. Gamen) kadete onena izan zen, Jose Luis Iñorbe (Bikezona-Cannondale) lehen master 30a eta Jose Angel Lopez (Ikaia) lehen beteranoa. Rural Kutxa BTT Kopari dagokionez, elite mailan Joseba Leon da liderra, 23 urtez azpikoan Diego Latasa, master 30ean Jose Luis Iñorbe, beteranoetan Jesus Angel Espada, emakumezkoetan Olatz Odriozola, kadeteetan Matias Rekalde eta juniorretan Andres Etxeberria. Rural Kutxa kopak atseden hartuko du udan, eta urriaren 3an jokatuko da zortzigarren eta azken proba, Zangozakoa.