Trenbide pasa kentzeko proiektu berria eginen du gobernuak

Guaixe 2010ko aza. 11a, 00:00
Laura Alba Cuadrado kontseilariak zuzentzen duen departamentuak izurdiagarrek eta arakildarrek aurkeztutako alegazioak onartu ditu. Beraz, baliorik gabe utzi du iaz trenbide pasa kentzeko bere departamentuak prestatu zuen proiektua. Laura Alba Cuadradok, gainera, beste proiektu bat prestatzeko agindu du, aurkeztu ziren alegazioak kontuan izanik. Izurdiagako Kontzejuko buru Jose Luis Garcia Urbistondo ebazpenarekin pozik azaldu da. "Guk proposatutako ideia onartu da. Aukera merkeena da eta, gainera, lurpeko pasa egitea eragozten da, gaur egun behar ez diren azpiegiturak egitea baztertzen da eta, azkenik, bi urtez errepidea itxita egotea saihestuko dugu". Jose Luis Garcia Urbistondok azaldu digunez, aurkeztu zuten proiektuarekin batera eskaerak egin zituzten herritarrek, esaterako, autopistarekin eta Irurtzungo saihesbidearekin loturak egitea. Izurdiagako Kontzeju buruak gaiaren gainean jarraituko dutela esan digu. Hasteko, dagoen informazioa eskatuko dute. Proiektu berria noiz eginen den ez dakitela esan zigun Garciak. Krisiagatik departamentuak izan ditzakeen funtsak zein diren ez daki.Bi egitasmo aurrez aurreDepartamentuak prestatutako egitasmoan trenbide pasagunearen azpitik zeharkatuko duen bide bat aurreikusi zen. Sei metroko galtzada, metro bateko bazterbidea eta 2 metroko espaloia ezker aldean zuena. Azpiko pasaguneko lanek iraun bitartean Arraizagako bidetik desbideratuko litzateke trafikoa.Kontzejuak beste proposamen bat onartu zuen, egitasmo berrirako kontuan izanen dena: autopista azpiko zubi ondoan borobil bat eginen litzateke eta Arraizagako bidetik (autopistarekin paralelo) Alde Zaharrarekin (San Joan auzoa) lotuko litzateke. Elizaren mendebaldetik, zubi baten bidez, trenbidea gainditu eta kontzeju etxearen parean bukatuko litzateke errepidea. Futbol zelaiko aparkalekuan borobil eginen litzateke, egungo errepidearekin lotzeko.