Madariagaren Azpeitiko liburua kalean

Guaixe 2011ko ots. 1a, 00:00
Juantxo Madariaga historialariak Azpeitia, gizartea, kultura eta pentsamoldeak liburua argitaratu du. Bertan, azpeitiarren pentsamoldea eta pertzepzioa osatzen duten alderdi nagusiak landu ditu. Egiaretan bizi den irakasleak XVII. mendetik XIX. mendera arteko garai historikoa aztertu du. Juantxo Madariagak zenbait gai deskribatu ditu liburuan: giza elkartasuna antolatzeko modua, gizartea hierarkizatzeko metodoak, sinesmenak, ohituren eta moralitatearen aldaketa, agintari espiritualen botere gidatzailea, heriotzaren aurreko jarrera eta jokamoldea, hizkuntzen pertzepzioa, bizitzaren eta kosmosaren irudikapena, alfabetizazioaren bidezko kulturaren herritartzea eta liburutegien sorrera. 1640tik 1840ra, Barrokoko urte kultural interesagarriak, haren erorketa, ilustrazioaren eraso arrazionalista eta gizarte burgesaren hasiera aztertzen ditu. "Aldaketa kulturalak geldiak dira, baina gutxinaka-gutxinaka, foruen galeraren eta XIX. mendeko industrializazioaren ondoren, gizarte guztiz ezberdinera iritsiko gara" dio NUPeko irakasle eta historialariak.Madariagaren liburua Gipuzkoako herriari buruzko zazpi liburuko bildumaren barruan dago. Hain zuzen, sakandarra bera da bildumaren koordinatzailea. Azpeitiko Udalak egin zuen eskaera herriak hiri-gutuna jaso zueneko 700. urtemuga ospatzeko. BiografiaJuan Madariaga Orbea Madrilen jaio zen 1949an. Filosofia eta Letretan lizentziatua Madrileko Complutense Unibertsitatean eta Historian doktorea UPVn. Egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da eta Eusko Ikaskuntzak, UNEDek eta EHUk antolatutako Estudios Vascos: Ciencias Humanas, sociales y naturales graduatu ondokoa zuzentzen du. Bereziki Euskal Herriko historia soziala eta kulturala ikertu du. Zenbait lan argitaratu ditu, besteak beste, Historia social de Bergara en su época prreindustrial (Bergara, 1991); Una noble señora: herio anderea. Actitudes ante la muerte en el País Vasco, siglos XVIII y XIX (Bilbao, 1998); De Tubal a Aitor. Historia de Vasconia (Madrid, 2002) (beste idazle batzuekin batera); Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language (Reno, USA 2006), 2008an gaztelaniaz argitaratua eta Historia social de la Muerte en Euskal Herria (Tafalla, 2007).