Adif-ek dio trenbide-pasaren segurtasuna bermatuta dagoela

Guaixe 2011ko mai. 5a, 00:00

Trenbide azpiegiturez arduratzen den Adif enpresak Izurdiagako trenbide-pasaren segurtasuna bermatuta dagoela esan du. Adifek gaineratu du pasa horretan aurten izan diren hiru gertakariak trenarekin zerikusia ez duten gertaera edo ekintza bandalikoak izan direla eta, ondorioz, langak hautsi direla. Adifek zehaztu duenez, otsailaren 3an langa aurretik eraman zuten eta ordu baten buruan konpondu zuten. Martxoaren 11n gauza bera gertatu zen eta 80 minutu behar izan zituen konpontzeko. Azkenik, martxoaren 29an ere langa aurretik eraman zuten eta 50 minutu behar izan zuten hura konpontzeko. Adifek ziurtatu duenez, halako gertaerak izaten direnean, konponbidea zehazteaz gain, bestelako segurtasun neurriak hartzen dira. Besteak beste, segurtasun indarrei gertakariaren berri ematen zaie, "ingurua erregulatzeko". Horretaz gain, tren gidariekin etengabe harremanetan daude egoera zertan den jakiteko eta, behar izanez gero, tren trafikoa eteteko. Trenekin hartu-eman sare propio baten bidez egiten dela ere azaldu du Adifek.