Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Patxi Cia (MSC) eta Olatz Odriozola (Conor-Saltoki) aurtengo Caja Rural BTT kopako irabazle izendatu ziren igande honetan Izurdiagan jokatutako probaren ondoren. Martxoan hasi zen txapelketa osoan zehar 8 proba puntuagarri izan dira eta Izurdiagakoarekin eman zitzaion bukaera.Izurdiagakoa oso zirkuitu berezia da, 5300 metroko luzera eta buelta bakoitzean 230 metroko desnibelarekin. Oso bide itxiak dituen zirkuitua da eta aurtengo lurraren egoerak hainbat erorketa eragin ditu, lehor-lehor baitzegoen. Hala ere, ez da inor larriki zauritu.Igandeko probari dagokionez, Aitor Hernandez (Orbea) izan zen hasieratik nagusi eta lasaitasun osoz irabazi ahal izan zuen. Lasterketaren hasieran Conor-Saltoki taldeko Raul Serrano, Diego Latasa eta Marcos Dominguez, baita Ekleylson Marques (Racing-Shox) ere, Hernandezen atzetik joaten saiatu ziren, baina honek ez zizkien gauzak erraz jarri eta proba aurrera joan ahala, geroz eta handiagoa izan zen taldetxoaren eta Hernandezen arteko aldea. Patxi Cia ere (MSC), lasterketan zehar postuak igotzen joan zen bigarren sailkatzea lortu arte, eta hirugarren Latasa izan zen, sub 23 kategorian lehena izan zena.Emakumezkoetan, Yolanda Magallonek (MoncayoBikes) Olatz Odriozolaren (Conor-Saltoki) nagusitasuna haustea lortu zuen, lehen sailkatuz igandeko proban, bigarren Odriozola izan zen eta hirugarren Arantxa Millan (Conor-Saltoki).Gainontzeko kategorietan, liderrek beren postuak berretsi zituzten. Juniorretan Miguel Sanzolek (C.Lasa-Cons. Sagardoi Hnos.) lortu zuen maillota, bigarren talde berdineko Mikel Otxoa izurdiagarra izan zen eta hirugarren Javier Bernad. Kadeteetan Matias Rekalde (C.Lasa-Cons. Sagardoi Hnos.) izan zen irabazle, bigarren Iosu Diaz (Ceramicas Egurza) eta hirugarren Oier Belaskoain (C. Lasa-Cons. Sagardoi Hnos.) sailkatu zen. Jose Luis Iñorbe (Bikezona) eta Jesus Angel Espada (ChiquiBike) izan ziren, hurrenez hurren, master 30 eta beteranoetan maillota lortu zutenak.Proba bukatu ondoren, Izurdiagako irabazleei garaikurrak eta kopako liderrei maillotak banatu zitzaizkien. Horrela, aurtengo Caja Rural BTT kopari bukaera eman zitzaion. Antolatzaileak dagoeneko hasi dira heldu den urtekoa prestatzen eta aurreratu digutenez, berrikuntzak egongo dira.