Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atarrabiako abesbatzak kontzertua eskainiko du Izurdiagan, igandeko mezaren ondoren. Arakilgo udazkeneko kultur agendaren barruan antolatutako emanaldia da. Kantaldi entretenigarriaren ondoren, hamaiketakoa izanen da.Atarrabiak abeslari harrobi ederra dauka. Horren adierazle da herrian 3 abesbatza daudela, San Andres koroa, Paz de Ziganda ikastolakoa eta Atarrabia abesbatza, igandean Izurdiagan izanen dena. Atarrabia abesbatza 2004an sortu zen. 2008ra arte Peio Goñik zuzendu du. Ordutik, abesbatza Kun Agustí de Ciuranaren zuzendaritzapean dago. Kataluniarrak lehen eskutik ezagutzen du Nafarroako abesbatzen mundua. Iruñerriko taldea euskal musika ikertu, landu eta zabaltzeko helburuarekin sortu zen. Taldearen errepertorioan euskal kantek dute lehentasuna. Hala ere, gaztelaniaz, ingeleraz edota italieraz ere abesten dute. Talde herrikoia da eta hortaz, Atarrabiako kultur ekintzetan parte hartzen du, hala nola, Atarrabiako Egunean, Olentzero egunean, Santa Ageda egunean, San Juan gauean... Koruko 40 abeslariak haien lana Iruñerritik kanpo zabaltzeko gogotsu daude. Igandean lehen aldiz abestuko dute Sakanan.