Errotonda, estuagoa edo zabalagoa?

Guaixe 2011ko abenduaren 28a

Saihesbidea egiteko futbol zelaiaren inguruan dagoen errotondaren tamainaz erabaki beharko dute izurdiagarrek. Ostiralean, 18:00etan, batzarra deitu du KontzejuakTrenbide pasa kentzeko eginen da saihesbidea Saihesbideaz hitz egiteko Izurdiagako Kontzejuko ordezkariak Herri Lan Departamentukoekin bildu ziren atzokoan. Nafarroako Gobernuak saihesbidearen ibilbidea aurkeztu zien kontzejuko ordezkariei. Jose Luis Garcia Urbistondo kontzejuko buruak esan digunez, "saihesbidea eta egungo errepidea lotzen dituen errotonda, futbol zelaiko aparkaleku inguruan eginen litzatekeena, irteera nahiko estuekin proiektatu dituzte". Horiek zabaltzeko bestelako proposamenak egin zituzten Izurdiagako Kontzejuko kideek. Departamentuko ordezkarien erantzuna izan zen errotondako irteera zabalagoak nahi izanez gero kontzeju-etxea bota beharko litzatekeela. "Hobe hori, partikular baten etxea botatzea baino". Egoeraren berri herritarrei emateko Izurdiagako Kontzejuak ostiralean batzarra deitu du, 18:00etan eginen dena. Garciak jakinarazi digunez, departamentuan ilbeltzaren 6aren aurretik erantzun bat nahi dute. Aurrekontu baldintzatuaIzurdiagarrek onartzen dutena Kontzejuaren 2012ko aurrekontua baldintzatu dezake. Heldu den urterako kontuak azaroaren 21ean egindako bileran onartu zituen kontzejuak hasiera batez. Aurrekontuak 26.569,75 eurokoa da. Horretaz gain, premiazko 25.000 euroko beste diru-sail bat dago. Azken hori kontzejuarena den Martinbarrena etxera bideratuko da. Aurri egoeran dago etxea eta diru horrekin teilatua eta bere egitura kendu eta paretak tinkotzeko neurriak hartuko dira. Etxearen egoeragatik urgentziaz egin beharreko lana da hori. Aurrekontua onartzerakoan hori zen Izurdiagako Kontzejuaren asmoa. Baina errotonda zabaltzea onartzen bada eta horrekin egungo kontzeju etxea (garai bateko eskolak) botatzea erabakitzen bada, bestelako neurriak hartu beharko lituzke kontzejuak. Garciak azaldu digunez, "egungo kontzeju etxean ezin da ezer egin. Biltegi gisa erabiltzen da, bilkurak tabernan egiten ditugu. Errotonda zabaltzeko kontzeju-etxea bota beharko balitz, Gobernuarekin etxeagatik zer ematen diguten negoziatu beharko genuke eta gero Martinbarrena kontzeju-etxe gisa egokitu". Saihesbidearen ibilbideaAutopista azpiko zubi ondoan errotonda bat eginen da eta Arraizagako bidetik (autopistarekin paralelo) alde zaharrarekin (San Joan auzoa) lotuko da. Elizaren mendebaldetik, zubi baten bidez, trenbidea gainditu eta kontzeju etxearen parean bukatuko da saihesbidea. Futbol zelaiko aparkalekuan errotonda eginen da, egungo errepidearekin lotzeko.