Euskadiko BTT Txapelketa Izurdiagan

Guaixe 2012ko ekainaren 22a

Aurten Euskadiko Txapelketa izango da Izurdiagako San Juan mendi lasterketa edo BTT Saria. Hala erabaki zuen Iturrotz klub antolatzaileak eta Izurdiagako Kontzejuak. Horrela, puntako txirrindulariak lehian ikusiko ditugu bihar, Izurdiagako festetan. Euskadiko BTT Txapelketa 17:00etan hasiko da, baina 16:30ean kategoria txikiko probak jokatzea aurreikusten da, Izurdiagako futbol zelaiaren inguruan prestatutako zirkuituan. Hasi berriek 3 itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari eta kimuek 5 itzuli. Haurrek helduen zirkuituari buelta bat emango diote. BTT izarrak gertu17:00etan abiatuko da Izurdiagako San Juan Sariko maila nagusiko proba, aurten Euskadiko BTT Txapelketa izango dena. Izurdiagako Zirkuituan jokatuko da, aurreko urteetan horrenbesteko arrakasta izan zuenean. Adituek diotenez, zirkuitu tekniko eta gogorra da, erritmo aldaketa handiak egitera behartzen duena, 5.300 metroko luzera eta 230 metroko desnibela duena. "Igoerak egiteko pista zabalak daude eta jaitsierak egiteko, berriz, oso xenda estuak. Etengabeko gora beherekin, ez du errekuperatzeko ia betarik ematen. Zirkuitu gogorra da" dio probako antolatzaile Jose Luis Garcia Urbistondok, hain zuzen ere Izurdiagako alkatea denak. 140-150 txirrindulariren parte hartzea aurreikusten da. Tartean ciclocrosseko izarrak izango dira, eta puntako txirrindulariak. Iñaki Lejarreta, iazko irabazle Aitor Hernandez, Patxi Cia...  eta Euskadiko Openeko eta Rural Kutxa BTT Kopako oilarrak. Bi sakandar ere ariko dira: Mikel Otxoa izurdiagarra eta Mikel Irigoien uhartearra.Kadeteek 3 itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari, juniorrek, emakumeek eta beteranoek 4, eta elite, master 30 eta 23 urtez azpikoek 6. ZirkuituaIzurdiagako plazatik abiatuta hilerri ingurura joango dira, handik Bordabiskier dermiora jotzeko. Zaparti eta Zarrastitik barna ur biltegira ailegatuko dira txirrindulariak, eta Larrantxo jaitsieratik Izurdiagako plazara helduko dira. Hornidura gunea izango da.