Burdinaren historia Forja Brun museoan

Guaixe 2012ko urriaren 29a

Zazpi belaunaldi eta hiru mendeko ibilbidea egin du Brun familiak forjatzen. Milioika lan ordu burdinari itxura emanez. Burdina itxuraldatzeko teknika guztiak menperatzen dituzte: eskuz XVIII. mendeko teknikak baita soldadurazko teknika berriekin lan egiteko gai dira Gerardo eta Eduardo Brun anaiak. Gerardo Brun Lapuente, anaien aita, forjagilea zen ere. Burdinaren historia eta Brun familia eskutik joan dira Izurdiagako etxean. Egunotan tailer-museoa martxan jartzen ari dira. Gainera, ikastaroen bidez maisu lanak ere egiten dute. Helburua da jendeak forjaren mundua ezagutzea eta praktikatzea. Forjaren historia luzea da. Erdi Aroan apaingarri bezala erabiltzeko sortzen zituzten objektuak. Barrokoan, aldiz, beherakada izan zen eta lurrun makinak erabiltzen hasi ziren. Gaur egun, forjak historian izandako garrantzia hartu du eta artisauen lanari esker aurrera jarraitu du. Babil Brun XVIII. mendean hasi omen zen burdina lantzen, eta belaunaldiz belaunaldi Gerardo Brun Lapuentek hartu zuen lekukoa. Hark Gerardo eta Eduardo semeei ofizioaren sekretu guztiak erakutsi zien. Gerardo eta Eduardo Brunek urte luzez forja lanak egin dituzte, eta Nafarroako Lan Zerbitzurako soldadura ikastaroen irakasleak izan ziren ere. Baina ekonomia krisia dela-eta tailerraren lana behera joan da eta ikastaroak bertan behera gelditu dira. Baina Brun familiak forjarekiko duen atxikimendua ez da hemen gelditu. MuseoaDuela bost urte inguru sortu zen museoa egiteko ideia, Gerardo Brunek esan duenaren arabera; eta garaia egokia zela pentsatu zuten. Hortaz, Izurdiagako Brunen etxea eta tailerra museoa bihurtu dute ere. Bertan burdinarekin egin daitekeen objektu eta tresna guztiak ikusi daitezke. Hainbat sari irabazi dituzte estatu eta nazioarte mailan. Museoaren gela batean Erdi Aroko filmetan ikusi daitezkeen lanparak ikusten dira. "XVIII. mendean egindakoak izan daitezke lasai asko, guztia antzinako teknikarekin egin baitugu", esan du Gerardo Brunek. Ez omen da batere erraza burdina eskuz moldatzea, baina Brunek burdina buztina bezala moldatzen dute. Aralarko Mikel Donearen eskultura, Goñiko Teodosioaren istorioa, Garesko erromesen eskultura, eta abar luze bat. Familiaren burdinarekiko historia XIX. mendeko hauspoan ikusi daiteke. "Oraindik erabili daiteke; duela gutxi zaharberritu genuen eta ferietara eramaten dugu". Gainera, museoaren bisitariek hauspoa erabili dezakete.Etxeko lorategian Gerardo Brunek, aitak, egindako eskultura handiak ikusi daitezke. Gehienak erlijiosoak dira, "aita oso erlijioduna baita". Jaiotza, San Francisco Xabier, Juan Pablo II Aita Santua, Kristo gurutzatua... "Gainera, aitak Nafarroako Museoan dauden Nafarroako kateen kopia egin zuen. Ezin ditugu zuzenean erakutsi, baina horren berri eman nahi dugu". Garesko erromesen eskulturak egin ditu Gerardo Brunek ere.IkastaroakMuseoa ez ezik Brun anaiek forja eta soldadura ikastaroak ematen dituzte. Ikastaro pertsonalizatuak dira, eta bost lagunen taldeetan egiten dira. Helburua forja lan txikiak egiten ikastea da. "Turismoa egiteko beste modu bat da; oroigarria erosi beharrean hemen norberak egindako giltzaria eraman dezake", esan du Eduardo Brunek. Madriletik, Zaragozatik, Burgostik, baita Sakanako herrietatik etorritako jendea egon da. Arakilgo Udalak diru-laguntzak eskaintzen ditu.Museoaren prezioa eta ordutegiak zehaztu behar dituzte. Hurrengo asterako prest izatea espero dute. Bisita ordu erdikoa izango da, eta burdinarekin egindako objektuak ikusi, tailerrean erakustaldia, baita forjaren historiaren inguruko bideoa ikusi ahalko da. Bisitak Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 666 530 728 edo 666 530 733 telefonoetan. Bisita ordutegiak astegunetan 9:00etatik 18:00etara; larunbatetan 9:00etatik 17:30era eta igandeetan 9:00etatik 13:30era. Prezioak: sarrera, bisita gidatua eta erakustaldia, 5 euro; sarrera, bisita gidatua eta norberak pertsonalizatutako giltzari forjatua, 12 euro; 12 urte bitarteko haurrak dohainik. 10 pertsona baino gehiagoko taldeak prezioa kontsultatu. Informazio guztia www.forjasbrun.com webgunean.