Trenbide-pasagunea kentzeko lanek Ingurumen Eraginen Adierazpena dute

Guaixe 2013ko aza. 21a, 19:08

Izurdiagan trenbide-pasagunea kentzeko aurkeztutako proiektua ingurumen aldetik bideragarri dela esan du Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia Andres Eziolaza Carballok eta, horregatik, dagokion Ingurumen Eraginen Adierazpena (IEA) eman du. Proiektuan jasotako neurri zuzentzaileez aparte beste berri batzuk hartzeko eskatu du, hala ere, Eziolazak. Hala, mugitu eta soberan geldituko den lurra non jarri zehazteko Kalitate Zerbitzuari txostena eskatuko zaio. Aldi berean, eskatu du urak har dezakeen eremuaren eta Zerrastiko errekako drainatze obra handitzearen irteera egiturak ekarriko duten Arakil ibaiko ibarbasoen okupazioa txikiagotzea. Gainera, Donibane auzoko errotondaren aurreko errepide zatian zuhaitzen ukipena txikiagotzeko eskatu da. Sasi garbiketak eta okupazio akzidentalak gutxiago izan daitezen bide berriaren zuinketa zorrotza egitea eskatu da IEA ematerakoan. Hainbat ezpondetako landareak mantentzeko neurriak ezarri ditu. Gainera, beharrezko neurriak hartu beharko dira eragin akustikoa murrizteko, batez ere bi errotonden inguruan.