Mikel Otxoa Pedalier talde berrian ariko da

Guaixe 2015eko otsailaren 26a

Asteburuan ekingo diote denboraldiari, Valentzian

BTT edo mendi txirrindularitzak badu talde berria: Pedalier. Izen bereko dendak sustatu du taldea, baina taldea ez da zerotik hasten, Conor WRC taldetik baitator. Hain zuzen ere Pedalierrek akordioa lortu du Conor WRC bizikletak enpresarekin, eta honek talde berria sustatzen jarraituko du, Soluciones TDKA eta HIRUDEME enpresekin batera eta Michelin eta X-Sauce etxeen laguntza teknikoarekin.

Ondoko txirrindulariek osatzen dute talde berria: Conor WRC taldetik datozen Migel Sanzol, Daniel Aristu eta Mikel Otxoa izurdiagatarra; Daniel Armendariz eta Asier Juanbeltz, Diario de Navarra Openeko elite maila eta Euskadiko Openeko 23 urtez azpikoan lider izatetik datozenak; eta 23 urtez azpiko kategorian debutatuko duten Iosu Diaz eta Oier Belaskoain. Puntako taldea sortu dute, eta ondoko probatan buruan egotea da helburua: Rural Kutxa BTT Kopa, MTB Euskadiko Opena eta Diario de Navarra Openean. Bestalde, Superprestigio Caja Rural MTB, Espainiako Openean eta puntako beste proba batzuetan aurrean egon eta lehia eman nahi dute.  

Bestalde, Seguros Bilbao-Bio Racer taldeak Pedalier taldearen harrobia izaten jarraituko du. Bertan junior mailara arteko hurrengo txirrindulariak dabiltza: Diego eta Gabriel Echeverri, Koldo eta Eneko Herrera, Mikele Etxekolonea, Asier Izu, Javier Larraioz, Javier Sein eta David Casajus.

Valentzian
Asteburu honetan emango dio hasiera Pedalier taldeak denboraldiari. Superprestigio Caja Rural MTB txapelketako lehen proba jokatuko da Valentziako Chelvan, eta bertan ariko dira.