Aurten, lan txikiak

Guaixe 2015ko mar. 5a, 17:12
Pareko etxeetatik San Juan auzoan dagoen kontzeju-etxeraino espaloia eginen da.

Izurdiagako Kontzejuak aurten 30.520 euroko aurrekontua kudeatuko du. Kontzeju buru Jose Luis Garcia Urbistondok jakinarazi digunez, aurten ez da aparteko lanik eginen. Eta egiten dena Arakilgo Udalak emandako diru-laguntzarekin eta hark kontratatutako langileekin eginen da. Garciak azaldu digunez, aurretik egindako inbertsioek ez dute gehiagorako aukerarik uzten. Legegintzaldi bukaera dela eta kontzejuan ezer ez egitea erabaki dutela ere azaldu digu.

Garciak gogora ekarri du San Juan kalean kokatzen zen aurri egoeran zegoen etxearena. Kontzejuak eta herritar batek erdibana zuten jabetza. Eraikinaren egoera txarragatik Arakilgo Udalak esku hartzeko eskatu zien. Azkenean, Izurdiagako Kontzejuak beste erdia erosi, eraikina bota eta auzokoak hezetasun arazoak ez izateko urteko aurrekontua adina diru gastatu zuela. Kontzeju-etxean teilatua eta argiteria berritu eta jardueretarako gela bat egokitu zela ere gogora ekarri du. Kontzejua, gaur egun, horiei buelta ematen ari da.

Espaloia
Aurten ez bada, heldu den urtean Geltoki eta San Juan auzoak lotzen dituen errepidean oinezkoendako espaloia izanen da. Egungo trenbide pasagunean hasi eta forjarien etxetik kontzeju-etxeraino iritsiko dena. Espaloi hori trenbide pasagunea kentzeko lanekin batera eginen du Nafarroako Gobernuak. Lanak bukatzean Izurdiagako bi auzoak batzen dituen kale hori udalaren jabetza izatera pasako da.