Udarako iragarri dute trenbide-pasagunea kentzeko lanen hasiera

Guaixe 2015ko mar. 24a, 11:34
Heldu den urteko udarako ez da trenbide pasagunerik izanen Izurdiagan.

Lurren desjabetzeak eginak, Sustapen Departamentuak 4,1 milioi euroko inbertsioa eginen du.

Luis Zarraluki sustapen kontseilariak ostiralean jakinarazi zuenez udan hasiko dira Izurdiagako trenbide-pasaguneko kentzeko lanak. Urte bat iraunen dutela iragarri zuen ere. Proiektua behin betiko onartu ondoren Nafarroako Gobernuak lanak emateko Kontratazioko Atariaren bidez deialdia eginen du.

Izurdiagako proiektua
Egungo trenbide-pasagunea kentzearekin batera oinezkoentzako pasabidea eta errepide-zati berri bat eraikiko dira. Zehazki, lanak NA-7010 errepidearen 21,750 kilometro-puntuan hasiko dira, San Juango auzora heldu aurretik; puntu horretan hasten da errepidearen zati berria: 1.234 metro ditu guztira, 2,50 metro zabaleko bi erreietako galtzada bat eta albo bakoitzean 0,50 metroko bazterbideekin, egungo bideari glorieta baten bidez lotuko zaiona.

Bidea goialdeko pasabide batekin gainditzen da eta, behin gurutzatuta, saihesbideak errepidearekin bat egiten du beheko pasabidetik hurbil, A-15aren azpian; bertan lotzeko azkeneko glorieta bat egitea proposatzen da. Azkenik, proiektuak oinezkoentzako pasabide metaliko bat eraikitzea ere jasotzen du (24,55 metro luzekoa, ez irristatzeko zolarekin eta bandaloen aurkako hesiekin), kentzen den trenbide-pasagunearen kokapen bera, bai eta ingurua hesitzea ere. Bi glorietek 4 metro zabaleko bi errei izango dituzte, 0,50 metroko barneko bazterbidea eta 1 metroko kanpoko beste bat. Bestalde, goiko pasabidea 20 metroko argia duen bao bakarreko zubi bat izango da.

Sakanako trenbide-pasaguneak
1998an eta 1999an Nafarroako Gobernuak Sustapen Ministerioarekin eta Renfe/Adifekin akordioak sinatu ziren 38 trenbide-pasagune kentzeko. Akordio horien arabera kentzeko falta direnen artean Izurdiagakoa dago. Sakanan aurretik beste batzuk kendu dituzte: Etxarren (1945), Arruazu (2004), Lakuntza (2004), Etxarri Aranatz (2004), Iturmendi (2005), Bakaiku (2010), Arbizu (2010).

357 ibilgailu
Izurdiagako trenbide-pasaguneko eguneroko batez besteko trafiko intentsitate hori da.