Lur mugimenduekin aurrera doaz trenbide-pasa kentzeko lanak

Nafarroako Gobernuak Sustapen Ministerioarekin eta Renfe/Adifekin sinatutako akordioaren arabera Izurdiagakoa da Sakanan kendu beharreko azken trenbide-pasa. Hura kentzeko lanak agorrila akaberan hasi ziren. Aurretiko markatze lanen ondoren, irail hasieran lur mugimenduak egiten hasi zen makineria.

Izurdiagako Kontzeju buru Luis Migel Beraza Ameztegik esan digunez, lehenik San Juan auzoa eta A-15 autobia azpiko zubiaren arteko errepide berria eginen da. 1.234 metroko luzera edukiko du, 3,50 metroko zabalerako bi erreiko galtzada eta 0,50 metroko bazterbideak alde banatan. Errepide berriaren mutur banatan biribilgune bana izanen da. “Lan horiek udaberrirako despeditu nahi dituzte eta, orduan, behin betiko itxiko dute trenbide-pasa. Gainera, herriko bi auzoak lotzen dituen errepidea kale bihurtzeko lanak egin beharko dira”.

Heldu den urteko agorrilerako despedituko dituzte lanak. Haiek dauden bitartean Kontzejua eta Udala “gainean” izanen direla esan digu Berazak. Excavaciones Fermin Oses, S.L. enpresa ari da lanak egiten eta euren truke 2.167.232,88 euro jasoko ditu (BEZa kanpo).

357 ibilgailu
Eguneko bataz besteko trafiko intentsitate hori du Izurdiagako trenbide-pasak. Ibilgailuak hura ez zeharkatzeko segurtasun sistemak askotan izan ditu akatsak eta susto ugari izan dira han.