Lanengatik bilera eskaera

Guaixe 2016ko uzt. 15a, 11:05
Zubiaren ondoan errepide berriko bi biribilguneetako bat egonen da.

Udalak Gobernuari saneamendu lan batzuk egiteko eta argiteria gastuak bere gain hartzeko eskatu nahi dio.

Izurdiagako trenbide-pasa kentzeko lanak direla eta, Arakilgo Udalak bilera eskatu dio Nafarroako Gobernuko herri lan zuzendariari. Harekin bi gai aztertu nahi dituzte. Batetik, errepide berriaren trazatuan dauden biribilguneen argiteria. Gobernuak aurreikusi du urtean 5.000 euroko gastua dela, eta kontzejuak bere gain hartu behar duela dio. Bai kontzejuan bai udalean ez daude gastu hori toki entitatearen bizkar gelditzearekin ados: “Izurdiagaren kontuendako gastu, inpaktu handia da”. Kontzejuaren aurtengo aurrekontua 6.900 eurokoa da. Aitortu dute kontzejuek argiteriaren gaineko eskumena dutela, baina ez errepide baten argiteriarena. Horregatik, arakildarrek bi borobiletako argindar gastua gobernuak bere gain hartzea eskatuko dute.
 
Bestalde, trenbide-pasa kentzeko lanak lotu zituztenean lotuta gelditu zen Izurdiagako San Juan auzoan lan osagarri bat egitea. Bost etxek saneamendu arazoak dituzte eta haiek konpontzea adostu zuten. Arakilgo Udalak susmoa du lan hori egitea “saihesten” ari direla eta adostutako lana egitea eskatuko du; “haiendako lan txikia da, guretako handia”.

Bestetik, trenbide-pasa kentzeko lanek dena jaso behar zutela baliatuta Izurdiagako ur-horniketa sarea berritu nahi zuen udalak. Baina Herri Lan Departamentuak ezezkoa eman zuen. Toki Administrazio Departamentuan baimena eskatu ondoren Arakilgo Udalak lanak bere gain hartu zituen eta lanik handienak dagoeneko eginak daude. 68.003,99 euroko inbertsioa egin du udalak. Departamentuaren baimena jaso zutenez, etorkizunean diru-laguntza jasotzeko aukera izanen du udalak.