San Pedrori eskainita dago Urritzolako eliza. Eta egoera tamalgarrian zegoen. Hain gaizki herrian hil diren azken bi pertsonei elizkizuna ezin izan zitzaiela han egin. Teilatuak itajura ugari zituen eta barruan hezetasun handia zegoen. Teilatutik sartutako urak, gainera, tenplu barruan kalteak eragin zituen, esaterako, eskaiola zatiak erori ziren. Herriko ondarea erortzen uztea urritzolar batzuei min egiten zien eta konpontzea erabaki zuten. Lan handienen aurrekontua 11.136,46 eurokoa zen.
Lanak bi txandatan egin dira. Lehenik enpresa batek teilatua konpondu zuen, udan. Horrek 5.234,46 euroko aurrekontua eskatu zuen. Kanpoko lanak despeditu otsailean eta martxoan, barrukoen txanda izan zen. Itejurek sabaitik eskaiola erorarazi zuen eta hura konpondu, paretak berdindu eta margotu zituzten, 5.902 euro bideratuz. Sarraila berria jarri dute ere, aurrekoa hautsia baitzegoen.
Lanak despedituta orain elizan ez dago inolako arriskurik. Lehen garbiketa lanak egiten 10 bat pertsona izan ziren larunbatean: zorua garbitu, lanpara berria jarri eta erretako bonbillak aldatu zituzten. Apirilaren 7an garbiketarako auzolan berria eginen dute. Bestalde, erretaulan dauden figurak egokitzeaz ere beraiek arduratzen ari dira: aske dagoen pintura kendu eta berriro ematen, burua askatu zaion figurari hura itsasten, irudiei pipiaren kontrako produktuak ematen eta beste.
Lanak finantzatzeko 4.000 euro Iruñeko artzapezpikutzak pagatu zituen. Beste 3.800 euro dohaintzekin lortu dute eta inbertitutakoa pagatzeko beste 3.336,46 euro falta dira. Horiek lortzeko dirua eskatu diete herritarrei eta La Caixari. Herriko biztanle guztiak ez zeuden ados kontzejuak eliza konpontzeko dirua ematearekin, beraz, era partikularrean aritu dira lanean, kontzejuaren laguntza gabe.
Elizaz
Urritzolako eliza Erdi Arokoa da, baina 1920an berreraiki zuten, aurri egoeran baitzegoen. Bi zatitan banatutako habearte sinplea du, zati batean dorrea du eta zirkuluerdi-formako absidea du. Azken hori duela 98 urte bota eta berria jaso zuten, baita bobedak ere, XII. mendeko erromanikoa erreproduzituz. Hegoaldean atea babesten duen estalpe itxia eta sakristia lauki luzea ditu itsatsiak. Elizaren murruak harlandu irregularrez eginak daude eta gangari eusteko bost estribu ditu. Iparraldeko paretan dauden bi jatorrizko eraikinekoak dira. Elizako korua modernoa da. Aldare aurrean kanoi ganga du, hau da, puntu erdiko arkuen segida, eta absidean esfera laurdeneko ganga. Elizaren gainontzeko zatian kapirioak edo kapiyuak eusten dioten sabai aizuna dago. Sakristiak ere kanoi ganga du. Koruaren azpian dago XVI. mendeko bataiarria.
Absidearen profil erromanikoa atzeman daiteke kanpotik. Oin lauki luzea duen Erdi Aroko dorreak puntu erdiko bi begi ditu, ezkilendako. Sarrerako estalpera puntu erdiko arkupetik sartzen da. Estalpe horrek hegoaldera dagoen ate erromanikoa babesten du. Atea lau-angeluko sekzioa duen arkibolta bikoitzeko puntu erdiko arkua du. Arkibolten oinarriak dekoraziorik gabeko kapitel jarraitua dute. Ateko arkuko giltzarrian krismoia dago zizelkatua. Bestetik, iparraldeko pareta eta absidea teilatuarekin elkartzen diren tokian harburu lisoak daude.
Elizako erretaula egoera txarrean zegoelako 1920 urtean saldu zuten eta albo batean zegoen erretaula bat, Andra Mari arrosariokoarena, nagusi gisa jarri zuten. XVII. Mende erdialdeko erretaula barrokoa da. 1991ean zaharberritu zuten. Oinarria, hiru kaleko gorpua, aletoiak dituen atikoa eta frontoi kurbatua du. Ildoak dituzten zutabe korintoarrek artikulatzen dute erretaula. XVIII. mendeko lehen erdiko sagrarioa du. Irudiei dagokienez, erdian ama birjinarena dago, ezker-eskuin San Fermin eta San Jose haurrarekin dituela, gainean (atikoan), berriz, San Migelen irudia. Erretaulatik aparte, oinarri baten gainean, San Pedroren irudia dute, saldu zen erretaulatik gelditzen den bakarra. XVI. mendeko bigarren hereneko taila errenazentista da. Baita Santa Luzia. Antza, gotikoa da, baina barrokoan asko moldatu zutena berriro tailatzean. Irudia XVIII. mendean bota zuten ermitakoa zen.