Kontzejutik elkarteari bultzada eman nahi diote, bizia izan dezan

Guaixe 2018ko mar. 29a, 10:08

Gaur egun Izurdiagako Kontzejuak kudeatzen du, baina ohiko elkarte moduan, bazkideekin aritzea nahi luke.

Luis Migel Beraza Ameztegik kontzeju-buruak Izurdiagako elkartearen egoera deskribatu digu: "erakunde bezala ia desagertua dago. Lokala dugu baina ez bazkiderik. Kontzejutik bi urte daramagu bere erabilera sustatu nahian, berriro ohiko elkarte moduan martxa har dezan". Baina jendea oraindik ez da bazkidetu eta, bitartean,  Izurdiagako Kontzejua nahi ez duena egiten ari da: elkartea kudeatzen. Izan ere, "jendeak puntualki ospakizunetarako alokatzen du. Baina guk nahi duguna kontzejuaren eraikina eratutako elkarte bati uztea eta haiek, bazkideak arduratzea elkartearen kudeaketaz".

Aurrekontuak
Izurdiagako Kontzejuak 27.925 euroko aurrekontua izanen du aurten. Berazak azaldu digunez, asmoak bai baina dirurik ez dute haiek gauzatzeko. Horregatik, aurrekontuaren zatirik handienak argiteria moduko gastuak ordaintzera bideratzen dituzte.

Heldu den urtean Nafarroako Gobernuaren Erabaki Askeko Funtsetik 20.545 euro jasoko du  kontzejuak. Oraindik ez dakite zer egin, baina Berazak premia duten egitekoen zerrenda egin digu: herri lurretan eta basoetan hobekuntzak egitea, argiteria publikoan falta den zatian led argiak jartzea argindar kontsumoa murrizteko edota elkartea sustatzeko ekimenak egitea.

Bitartean, Arakilgo Udalaren bitartez hainbat lan eginen dira herrian. Lehenik, autopista azpiko zubi azpitik Irurtzungo mugara arte oinezkoendako espaloia eginen da. "Gaur egun han pilatzen da trafiko kopuru handiena eta oinezkoendako babes neurria da guretako".

Udalak kontratatutako langileek, bestalde honako egitekoak izanen dituzte Izurdiagan: urtero uholdeek bideetan eragiten dituzten kalteak konpontzea, futbol zelai ondoko aparkalekuan  hobekuntza txikiak egin, trenbide pasa kentzerakoan egiteko gelditu ziren lanak eta bide bazterrak sasiz garbitzea, hilerrirako bidea horien artean.

Bestalde, Berazak jakinarazi digu Festa Batzordeak aurreneko bilera egin duela dagoeneko.  Garagarrilaren 22tik 24ra izanen dira, ostiraletik igandean, San Juan eguna erdian hartuta.