Aurten ere Brun forjak bat egin du Europako Artisau Egunekin, baina aurten aurrekoetan baino egitarau zabalagoa antolatu du. Artisau familiak forjaren interpretazio gunerako doako bisita gidatuak antolatu ditu larunbaterako (09:00-18:00) eta iganderako (09:00-12:00). Bisitariek XVIII. mendeko sutegian lan nola egiten den ikusi eta probatzeko aukera izanen dute.
Horretaz aparte, aipatutako bi egun horietan forjatutako burniarekin egindako eskulturen erakusketa jarriko dute Izurdiagako elkartean, larunbatean 15:00etatik 18:00etara eta igandean 09:00etatik 14:00etara. Gainera, azken egun horretan haurrek eta helduek joko tradizionaletan jolasteko aukera izanen dute elkartean. 09:00etatik 12:00etara egonen da horretarako aukera.
Eta jolasak despeditzearekin batera, Jose Mari Salgado Mosquerak hitza hartuko du eta euskaldunen burni kulturak Asturiasen eta Galizian izandako eraginaren inguruan azalpenak emanen ditu. Kazetaria eta argazkilaria da Salgado eta burdinaren inguruko erakusketak egin ditu Galizian eta Urdazubin. Hainbat liburu argitaratu ditu.