Suteak San Juan auzoko etxea txikitu du

Guaixe 2018ko mai. 23a, 20:22
Etxea sutan eta suhiltzaileak lanean. Argazkiak: Nafarroako Gobernua

Suak ez du inor zauritu.

Garrek kixkalita utzi dute Izurdiagako alde zaharreko, San Juan auzoko, 20. zenbakiko etxea. Etxeko nagusia, 52 urteko emakumezkoa, izan da larrialdi zerbitzuak 15:10ean gaztigatu dituena. Irurtzungo osasun etxeko mediku eta erizainak agertu dira eta emakumezkoak kea arnasteagatik toxikatze arina zuela atzeman diote. Baina ez du inora joan nahi izan. Ezbeharrean etxeko txakurra hil da.

Iruñetik suhiltzaileen auto-punpa kamioia eta eskailera zuen beste bat joan dira. Haiek iritsi direnerako suak behe solairu guztia hartua zuen. Suhiltzaileak sartu badira ere, makina bat objektu eta altzari zeuden eta ezin zuten aurrera egin. Horregatik, arduradunak sua kanpoko aldetik itzaltzea erabaki du. Garren indarrak eta tenperatura handiak etxearen lehen solairua erre dute. Sua teilatura ere iritsi da. Haren zatiak erori badira ere egitura ez da erori. Suhiltzaileek lortu dute sua aldameneko etxeetara ez zabaltzea. Itzaltze lanean hasi diren suhiltzaileak 18:30ean ordezkatu dituzte. Eta haiek lanean dauden bitartean Foruzaingoak trafikoa bideratu du.