“Saharako errefuxiatu eremuetako egoera ez da ona”

Guaixe 2018ko ira. 28a, 10:18
Eduardo Brun, ATTSF elkarteko kideak eta Sidahmedat. Argazkia: utzitakoa.

Tindufeko eremuko logistika guneko arduradunaren hitzak dira, Izurdiagako Brun forjara egindako bisitan esandakoak.

Marokoren okupazio militarraren ondoren Aljeriako hego mendebaldeko desertuan opatu zuen “babesa” Saharako herriak. Tindufeko errefuxiatu eremuak basamortu gorrian daude. Bi estazio besterik ez dituzte. Gurea baino luzeagoa den udan 50 gradutik gorako tenperaturei aurre egin behar diete errefuxiatuek. Neguan, berriz, zero azpitik jaisten da termometroa.

Rabouniko garraio basea egiteko ideia 2005ean sortu zen. Helburua: Saharako Ilargierdi Gorriak Tindufeko errefuxiatu eremuan elikagaiak banatzeko ibilgailuak etengabe eskura izatea. Urteak joan   urteak etorri garraio basea garatuz joan da eta errefuxiatu sahararren oinarrizko premiei erantzuna emateko logistika zentro bilakatu da.

Eduardo Brun Saharako errefuxiatu eremuko basean izan zen joan den urtean. Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteko kideekin batera joan zen. Soldadura ikastaroa eman zuen eta pieza batzuk egiten lagundu zuen. Azaro akaberan atzera ere bide bera hartuko du Brunek. Bi asterako izanen da. Baina hara joan aurretik, errefuxiatu eremuan ezagutu zuen arduradunetako bat bisitan etorri zitzaion ostiralean.

Sidahmedat Mohamed Lamin
Saharako Ilargierdi Gorriko Garraio Zuzendari Nagusia eta garraio baseko zuzendaria

Eduardo Bruni bisita bueltatu diozu.
Bai. Esker ona bueltatzea. Eta nola lan egiten duten eta zer egiten duten ezagutzeko. Haien esperientziaren berri izan gurera estrapolatzeko.

Zer egin zuen Eduardok han?
Lan ona egin zuten. Basearen funtzionamenduari buruzko ebaluazioa egitera joan ziren. Bereziki kamioiei erreparatu zieten. Ebaluazio ezin hobea izan zen. Bisita guztiak ongi etorriak dira eta garrantzitsuak dira. Gu laguntzeko modu bat dira, kudeaketa hobetzen laguntzeko modua dira.

Baseak ongi funtzionatzeak aparteko garrantzia izanen du, ezta?
Basea garrantzitsua da. Bere bidez banatzen zaio saharar populazio errefuxiatuari oinarrizko zarea, produktu freskoak eta bestelako tresnak.

Zein da gaur egun basean duzuen premiarik handiena?
Kamioiak berritzea. Eta prestakuntza: elektronika, soldadura, gidariendako trebakuntza eta abar.

Prestakuntza premiengatik bueltatuko dira Brun eta konpainia, ezta?
Bai, aurki joanen dira eta egin ahal duten guztia egiten jarriko ditugu. Haietaz baliatu behar dugu. Prestakuntza teorikoa eta praktikoa jaso nahi dugu. Esaterako, kamioien gurtoholen altuera handitu  nahi dugu, karga gehiago eramateko. Bestetik, gas-botila asko hartzen dituzten ontziak batetik bestera eramateko kamioien atoiak egokituko dira.   

Zein da errefuxiatu eremuko egoera gaur egun?
Ez da egoera onena. Elikadurarako laguntzan murrizketa izan da. Gainera, berriki euriteak izan dira eta saharar errefuxiatuei nahikoa kalte egin die. Ez da unerik gozoena. Horregatik eskatzen diegu pertsona solidario guztiei gu laguntzeko.

Bitartean, zertan da autodeterminazio erreferenduma?
Su-eten hitzarmena dago (Marokorekin). 1991tik bake plana dago. Baina Marokok nazioartearen deiei entzungor egin die beti. Ez du ezer jakin nahi. Guk han segitzen dugu, erne eta tinko! 45 urte daramatzagu han eta gure egoerari konponbiderik ematen ez bazaio, askozaz urte gehiago pasako ditugu.

Bitartean diplomazia-garaipenak izan dituzue. Esaterako, Marokoren eta Europako Batasunaren arteko arrantza akordioa ez da baliozkoa Mendebaldeko Saharako sartzen delako.
Nazioartean gure kausa unerik gozoenean dago. Maroko inguratzen ari gara. Nazioarteko erakunde eta Estatu askok amore ematera behartzen ari dira, negoziazioetara joan dadila.

Diplomazia-garaipen horiek nola hartzen dituzue errefuxiatu-eremuetan?
Oso ongi. Jendea pozik dago. Jendea bere ekarpena egiten ari da. Egunetik egunera bere lana hobeki egiten du. Egunero hobetzeko tema dute.  

Marokon lehen soilik sahararrek protestatzen zuten. Rif, hiriak…
Hedabide askerik ez dago. Marokon arazo handiak daude. Rifen, egunero marokoar asko Mediterraneo itsasora botatzen dira… Marokok barne arazo ugari ditu.

Marokok okupatutako lurraldeetan zer moduzko egoera dago?
Kartzela bat da. Okupatu zutenez geroztik. Han dauden sahararrek ezin dute kalera atera eta modu baketsuan autodeterminazioa eskatzeko manifestazioa egin. Guztiz debekatuta dute “gure autodeterminazioa eskatzen dugu”. Segurtasun indar kopuru handia dago. Kale guztietan daude. Guztiz militarizatutako gunea da.

Eta han dagoen Nazio Batuen Erakundearen misioa, zer?
Badirudi haien egiteko nagusia zein den ez dakitela. Giza eskubideak zaintzea da eginkizun hori. Euren kuarteletan daude eta ez dute inolako zaintzarik egiten. Eta sahararrak egunero zigortuak dira.

Zer esanen zenieke gure irakurleei?
Sahararren kausa gertutik segitzeko eta haren alde egin dezaketen guztia ongi etorria da. Laguntza handia behar dugu. Gurea kausa justua da. 45 urte daramatzagu hamadan, basamortuko tokirik okerrenean.

Erlazionatuak