Arakilgo Udalak Izurdiagako tren-geltoki inguruko kaleko sareak eta zoladura berritu nahi ditu. Trenbide-pasa kentzeko lanekin Izurdiagako ur-hornidura sarea berritu zen. Baina Geltoki auzoan egitekoa gelditzen da. Alde batetik, ur-beltzak jasotzen dituen sareak ez du erregistro-kutxatilarik. Sarean butxadurak izaten badira erregistro-kutxatilarik ez egoteak mantenu-lanak zaildu egiten ditu. Inguruan ere kontrol-putzurik ere ez dago. Hori eragozteko sarea berritu eta gutxienez 50 metroko erregistro-kutxatila bat jarriko da.
Bestetik, tren-geltokiaren inguruko kalean ez dago euri urak jasotzen duen sarerik. Etxe batzuetako zorrotonek lurpean bukatzen dute eta udalean pentsatzen dute ur-beltzen sareari lotuta egonen direla, baina horretarako erregistro-kutxatilarik ere ez dago. Halakoek ur-araztegietan arazoak sortzen dituzte. Beraz, euri-urak jasoko dituen sare berria eginen da eta erregistro-kutxatilak jarriko dira. Gainera, inguru horretako zoruko asfaltoa egoera txarrean dago eta hura konpondu beharra dago. Porlanezko zoruaz ordezkatuko da. Izurdiagako lan horien aurrekontua 70.338,85 eurokoa da.