Ordu batzuez forjari

Guaixe 2019ko api. 11a, 18:40

Brun forjak ate irekien jardunaldiak egin zituen asteburuan eta 110 bisitari hartu zituen.

Europako Artisautza Egunak zirela eta, Brun forjak ate irekien jardunaldiak egin zituen asteburuan. Bosgarren urtea da Izurdiagako forjariek ekimenarekin bat egiten dutena. Eta denbora horretan guztian 525 bat bisitari izan dituzte. Asteburuan bakarrik 110 bat izan ziren forjarien ogibidea bertatik bertara ezagutu zutenak, Tenerife, Girona, Burgos, Logroño, Gasteiz, Hondarribia, Iruñea, Izurdiaga, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutitik joandakoak. Asteburuko ate irekien jardunaldian 90 kilo ikatz erabili zituzten burnia goritzeko.

Eduardo Brunek Irisarrik esan digunez, “Sakanan ostatu hartutako turistek interes handia zuten. Batzuk forja ikastaroez galdetu zuten, Sakanako hurrengo oporraldia osatzea pentsatzen ari baitziren”. Hurbilagotik joandako bisitariek ere “interesez entzun zituzten azalpenak”. Hala ere, Brunek argitu digunez, “trenbide pasabidea kendu zutenez geroztik errepidea ez da ate paretik pasatzen eta horrek bisita kopuruetan eragina du”.