Kaleko artearen magia eta kasualitatea

Guaixe 2019ko uzt. 29a, 12:57
Izurdiagako murala. UTZITAKOA

Izurdiagako frontoi atzeko horman murala margotu du Iker Uribe-Etxeberria lakuntzarrak. Txokoa gehiago "edertu" du, bizitasuna emanez. "Lehengo" emakumearen lan ezkutua azalarazi nahi izan du muralarekin

Iker Uribe-Etxeberriak kaletik doanean hormetan, pintadetan edota muraletan jartzen du arreta. Hortaz, Izurdiagako "txoko oso polit batean" horma "itsusi eta latz" batean jarri zuen arreta. "Pareta hau margotzea oso ongi egongo zen". Izurdiagako kontzejuarekin hitz egin zuen, eta frontoiko atzeko aldeko horman mural bat egiteko baimena eskatu zuen. Ostegunean, 19:00etan, mustutze "xume bat" eginen du. Txoko "polita" are "ederrago" utzi du Uribe-Etxeberriak.

Muralen helburua "artistak bere sorkuntza" adierazteko modu bat da. Baina arte publikoa denez jendearengan zuzenean iristen den artea dela azaldu du Uribek. "Edozeinek ikus dezake". Espazio itsusi edo degradatuak bihurtzeko eta bizitasuna emateko artea ere badira muralak. "Espazioa aldatuta, jendearen bizimodua ere aldatzen dela uste dut". Espazioari eta bizitzari kolorea jartzen zaie. Izan ere, Uribe-Etxeberriaren estiloa koloretsua izan ohi da, nahiz eta Lakuntzako artista ez da "estilo propio batera ixten". Kasu honetan, lekuak "kolorea" eskatzen ziola esan du: "poza emateko".

"Txoko oso polita" batean egon arren, Izurdiagako frontoi atzeko aldeko horma "iluna, itsusia eta latza" zen. Espazio polit hori askoz gehiago edertzeko beharra ikusi zuen Uribek, eta kolorez bete zuen. Lehengo bizitza eta auzolana irudikatzen zuen irudi bat egin nahi zuen Uribek Izurdiagako muralean. "Paretaren berezitasunengatik ez nuen lehengo irudi on edo polit bat aurkitzen". Beraz, proposamenari buelta bat eman zion, eta emakumearen gaia lantzea erabaki zuen: "garai bateko emakumea nola bizi zen adierazi nahi nuen. Izan ere, etxean lan egin eta familia zaindu ez ezik, kalean ere egiten zuen lan: ganaduarekin, baratzean... ez zuen lasai egoteko momentu bat ere".

Ahaztutako emakumearen lana azaleratzen du Izurdiagako muralak. Emakume "indartsu" baten irudi batek irudikatzen du ezkututako lan hori. "Irudiak bilatzen ari nintzela, 1960ko argazki bat aurkitu nuen". Nicolas Ardanaz argazkilariaren argazki bat zen, eta bertan emakume bat agertzen da, idiak eramaten ari dela. "Indarra eta bizipoza handia ikusten dira irudia". Nafarroako Museoan aurkitu zuen argazkia Uribek. Behin argazkia aukeratu zuen, murala egiteko bozetoa egin zuen. Nahiz eta argazkia zuri beltzean izan, kolorea eman nahi zion muralari; beraz, muralean emakumea eta idiak zuri beltzean agertzen dira, baina fondoa oso koloretsua da.

Sorkuntza artistikoak batzuetan "magia" sortzen duela dio Uribek. "Kasualitateak" sortzen dira: "behin bozetoa egina neukala, betiko margo dendara joan nintzen eta bozetoa erakutsi nien. Orduan, dendariak esan zidan izeba Basi zela. Harrituta gelditu nintzen, sorpresa handia izan zen". Margo dendariaren izeba Basi, argazkiaren protagonista, Basilia Zabalza da eta Sarasakoa zen. 1960. urtean, argazkia egin ziotenean, 19 urte zituen. Gaur egun, 78 urte ditu eta Uribe harekin harremanetan jarri zen. "Muralean agertzea gustatuko litzaiokeen galdetu nion eta baietz esan zidan". Datorren astean mustutze xume bat egingo dute, eta Zabalza gonbidatuko du.

Kasualitateen murala izan da Izurdiagakoa. "Margotzen ari nintzela Izurdiagako emakume bat gerturatu zen, Nati, eta esan zidan berak urte luzez Sarasan lan egin zuela, eta bertako lagunak zituela". Sarasako lagunak zituela-eta muralaren mustutzera gonbidatuko dituzte ere. "Izurdiaga-Sarasa senidetasuna egin dugu".

Izurdiagan oso ongi hartu dute murala. Hala ere, "zertarako" galdera ere entzun du Uribek. Beste batzuk, "harrituta" hartu dute berrikuntza. Dena dela, "txokoak asko irabazi du", eta balorazio ona egiten du Uribek. Lekuaren arabera gehiago edo gutxiago muralek iraun dezakete. Izurdiagako "asko iraungo" duela azaldu du Uribek. "Ekialdera edo eguzkira begira dauden muralek kolorea galtzen dute eta iparraldean daudenei hezetasunagatik onddoak ateratzen zaizkie".

7 x 10 metroko horma bat da Izurdiagakoa. Irudia paperetik hormara pasatzeko zenbait prozedura daudela azaldu du Uribek. "Badira inprobisazio maila bat dutenak, neurtu gabe egiten dituzunak, baina tresnen araberakoa da". Baliabideen araberakoa izan ohi da, beraz, jasogailu batekin neurtu gabe egin daiteke, aldamioekin, aldiz, eskala erabiltzea hobe da.