Irurtzunerako errepidearen ezkerreko aldean espaloia egiten

Guaixe 2019ko aza. 7a, 10:18

Lanakjoan den astean despeditu ziren.

Trenbide pasa kentzeko lanek handik autopista azpiko zubira arteko errepide bazterreko espaloia ekarri zieten izurdiagarrei. 2016an egindako espaloi hori Irurtzungo mugara arte luzatzeko lanak hasi dira. 400 bat metro luze eta 1,8 metro zabal dituen espaloia egin dute NA 7000 errepide bazterrean. Euri ura jasotzeko estolderiarekin batera, telekomunikazio sareendako, beheko tentsiorako, eta argiteria publikoa eramateko kanalizazioak eta ur horniketa sarea, saneamendu sarea eginen dira. Espaloia despedituta farolak jartzeko oinarriak prest utziko dizkio Arakilgo Udalak Izurdiagako Kontzejuari. Lanak Construcciones Boreste SA enpresa egin ditu eta horien truke 143.764,86 euro jaso ditu. 

Espaloia luzatzeko lanetan Saprem enpresak eta Nasuvinsa enpresa publikoak interesa zuten. Azken horren kasuan, argindar konpainiak industria garapenerako azpiegiturak eskatu dizkiolako. Horregatik, Arakilgo Udalak Sapremekin eta Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu du eta haiek aurrekontuaren zati bat ordainduko dute, 33.970,63 eta 23.221,95 euro hurrenez hurren. Gainontzeko 73.502,74 euroak udalak pagatuko ditu. Haietako 20.545 euro Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko funtsekoak izanen dira. 

Gaur egun izurdiagarrek bide bazterrean dagoen xenda erabiltzen dute Irurtzunera joateko, esaterako, pasiatzeko, azokara edo igerilekura joateko. Irurtzundarrek ere pasiatzeko erabiltzen dute ingurua. Espaloia egitearekin oinezkoendako segurtasuna eta erosotasuna bermatu nahi ditu udalak.