Kontzejuak herri lurretako aprobetxamenduak eta bideak arautu ditu

Guaixe 2021ko api. 20a, 10:59
Izurdiagako larreak eta Geltoki auzoa. Artxiboa

Orain arte ohiturazko erabilera zena, ordenantza bidez araututa gelditu da.

Izurdiagako Kontzejuak herri-lurretako aprobetxamenduen eta hobekuntzen plan berezia onartu zuen. Eta dokumentu hark Ingurumeneko eta Lurraldearen antolamenduko zuzendari nagusiaren oniritzia jaso zuen garilaren 4ko 278/2017 Ebazpenaren bidez. Plana egin eta gero Izurdiagako Kontzejuak erabaki zuen herri-lurretako aprobetxamenduei buruzko araudia egitea. “Orain arte ohituraz erabili izan dira herriarenak ziren ondasunak. Baina zenbait gauza egiteko araudi bat izatea komenigarria zela konturatu ginen. Esaterako, dirulaguntzak eskatzeko, alokatzeko…” Luis Migel Beraza Ameztegi kontzeju buruaren azalpenak dira. Berazak azaldu duenez, “herriko larreen aprobetxamendua alokatzea kontzejuaren diru sarrera polita da”.

Herri lurretako aprobetxamenduak eta bideak arautzen dituen ordenantzaren bidez, Izurdiagar guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketen herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatu dituzte. Ordenantzan jaso denez, kontzejuari dagokio herri ondasunen administrazioa. Gainera, araudiaren arabera, Izurdiagako Kontzejua herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei. Herri ondasunen aprobetxamenduei dagokienez, etxerako egurra, ehiza-barruti eta herri-larreen aprobetxamenduak arautu ditu Izurdiagako Kontzejuak. Bestetik, herriaren bideen erabilera eta gozamena ere arautu du. Arau-hausteen eta zehaztapenei buruzko atala ere badu ordenantza berriak.