Arakilgo Udalaren oniritzia jaso ondoren, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak Izurdiagako Geltoki auzoko lau pisuko blokeen esku hartze orokorreko proiektua onartu du, horretarako Foru Agindua sinatuta. San Migel Koloniako 5, 7, 8 eta 10 zenbakietako atarietako jabeek sustatu dute proiektua. 1980an jasotako eraikinak dira, eta multzo arkitektoniko homogeneo bat osatzen dute. Lau blokeak binaka lotuta daude eta bi ilara paralelo osatzen dituzte. Jabeek eraikinen inguratzaile termikoa hobetu eta irisgarritasun unibertsaleko araudia betetzeko igogailuak jarri nahi dituzte.
Sustatu badu ere, proiektua ez zaio aplikatuko San Migel Koloniako 10. atariko jabe erkidegoari. Dena dela, esku hartze orokorreko proiektuaren indarraldian, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi dutela, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.
Proiektu horren helburua da etxe sail hori birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.