Astekaria

"Bezeroak soinekoarekin identifikatzea nahi dut"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mai. 3a, 13:52

Joseba Huarte diseinatzailea. UTZITAKOA

Atelierren ezkongai eta ospakizunetarako moda egiten du Joseba Huarte Mayora diseinatzaileak. Norberaren araberako soineko pertsonalizatuak egiten ditu Izurdiagako tailerretik.

Udan lehenengo ezkongai bilduma aurkeztuko du.

1. Zer da Joseba Huarte Atelier?
Bezeroa eta biok elkartzen garen toki bat da, bertan,  lehenengo elkarrizketa baten bidez soinekoa nolakoa izango den garatzen joaten naiz. Konfiantzazko toki bat, bezeroa etxean bezala egotea nahi dut. Eroso sentitzea ezinbestekoa da. Lehenengo zita konpromisorik gabekoa dela esaten diet.

2. Ezkongai soinekoen diseinatzailea zara.
Ez bakarrik ezkongaiena, ospakizun berezietarako jantziena ere bai. Txikitatik ezkontzek arreta eman didate. Emozio handiarekin bizi nituen ezkontzak, eta hori gutxitara joan naizela. Nafarroan badira atelier oso onak, baina sentitzen dut Iruñea atzean gelditzen ari dela beste hiriburuekin alderatuta. Emakumeak zerbait desberdina janzteko aukera izatea, norberaren gustukoa, nahi dut; multimarka denda batera joan behar ez izateko.


Joseba Huarte Atelierren egindako ezkongai soinekoa. UTZITAKOA

3. Non duzu atelierra?
Izurdiagako etxean daukat. Hasiberria naiz, aurreko urtean hasi nintzen, ezkontzen postcovid gorakada izan zenean. Instagramen eta Facebook-en kontua dauzkat: @joseba_huarte_atelier

4. Zergatik moda diseinatzailea? Zer behar du diseinatzaile batek?
Betidanik moda gustatu izan zait, eta egia da janzteko moduagatik nabarmendu izan naizela. Iruñean Moda diseinu gradua egin nuen. Diseinatzaile on bat izateko denetarik jakin behar duzu: patronajea, mozten, josten... Soineko bat burutik errealitatera eramateko oso ongi jakin behar duzu nola egin. Gaur egun gorputz desberdinak azaleratzen ari dira, baina modelo perfektu bat soineko batekin ikusten duzunean, pentsatzen duzu: "nola geratuko zait niri?". Garrantzitsua da gorputzaren estudioa egitea. Argala ez den jendeak ere eskubidea du eder eta ongi ikusteko, janzteko eta sentitzeko.

5. Nolakoak dira zure diseinuak?
Egiten dudan diseinu bakoitza bakarra da. Lehenenbiziko aldiz ezkongai bilduma aterako dut, baina bestela diseinu bakoitzak bezeroaren izaera erakusten du. Soinekoarekin identifikatuta sentitzea nahi dut, esatea "ni naiz". Baserritar ezkongai jantzi originalak ere egin nahi ditut.


Joseba Huarte Atelierren diseinuak daramatzaten bi neska. UTZITAKOA

6. Nolakoa da aurkeztuko duzun bilduma?
Soineko txuriaren jatorria XIX. mendetik gaur egun arte erakutsiko dut. Lehen dena zen geroz eta gehiago hobe. Gaur egun geroz eta minimalistagoa hobe. Ez dute oso kargatuak izatea nahi eta erosotasuna bilatzen dute. Ez dute bere burua mozorrotuta ikusi nahi. Badago jendea eskatzen duena zerbait kargatuago, baina orokorrean estilo minimalista eramaten da.

7. Nola pertsonalizatzen dituzu?
Ideiekin etortzen dira eta barregarria da, emaitzarekin ez duelako zerikusirik. Ez da gauza bera graduazio baterako soineko bat izan edo ezkongaiaren ahizpa izan. Protokoloa ere hor dago. Galderak egiten joaten naiz: lana, gustuak, janzkera... Pixkanaka izaera ateratzen joaten naiz eta zirriborroak egiten ditut. Pixkanaka osatzen joaten gara.

8. Zer dio protokoloak?
Ez da gauza bera ezkontza katedral batean izatea, soineko klasikoagoak baitira, edo lorategi batean izatea, zerbait informalagoa eramateko aukera gehiago daudeeta. Modu oso orokorrean: ezkontza egunez bada, soineko motzak eta gauez luzeak. Baina ez dago ezer idatzia eta ez da beti horrela izan behar.

9. Beraz, apurtzearen alde?
Nik ez dut araurik jarraitzen. Prozesu dibertigarria izatea nahi dut. Ausartuko gara? Bai; aurrera. Tendentziak jarraitzen ditut; adibidez, kolore leunak eramaten dira. Kalitatezko ehunei garrantzia handia ematen diet, eta nabaritzen da. Nik nahi dudana da bezeroak soinekoarekin identifikatzea.

10. Ezkontza garaia da...
Gonbidaturen bat badut, ezkonduko den ez dakien ezkongai bat... Nik ez nuen esan hasiko nintzela, booma etorri zitzaidan. Familia eta lagunekin hasi nintzen. Aurten kanpotik etorri zaizkit eskaerak. Ez dut karga handirik, baina denobraldi honetarako lana badt.

11. Oso gaztea zara. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Mundu honetan, zaila da. Inguruko jendearekin lan egin nahi dut, eta lan hori ongi egitea. Esfortzu handiko lana da. Gustatu behar zaizu, eta niri izugarri gustatzen zait. Jendeari atelier eta neurrira egindako arropagatik apustua egiteko eskatzen diot. Ez nirea, edozein. Enpresa txikiak gara; bestela dena pikutara joango da. Poltsiko guztietara egokitzen naiz, ez daukat katxe bat. Moda guztiendako izatea nahi dut. Jende guztiak dauka ezkontzeko eta eskontza batera joateko eskubidea.